Rajastan: Zentzumenen esnatzea

Rajastan: Zentzumenen esnatzea Munduko txoko ezkutuenak deskubritu nahi dituzu? Ez galdu GAZTEZULOko 'Mundua' atalerako Xabat Izagirrek proposatutako helmuga exotiko eta harrigarriak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/rajastan-zentzumenen-esnatzea/@@download/image/MUNDUA_Rajasthan08.jpg
2019/08/28

Testua: Xabat Izagirre

Munduko txoko ezkutuenak deskubritu nahi dituzu? Ez galdu GAZTEZULOko 'Mundua' atalerako Xabat Izagirrek proposatutako helmuga exotiko eta harrigarriak!
Rajastan: Zentzumenen  esnatzea

Erregeen lurraldea

Zentzumenen esnatzea. Hori da bisitariek Indiako herrialderen batean lehen aldiz barneratzean sentitu dezaketena. Kultura aberatsa, milaka urteko ondarea eta gastronomia paregabea dira lurralde honen aurkezpen gutuna. Gaur egungo munduko biztanleriaren %18 Indian bizi da eta 2022. urterako estatu populatuena bilakatuko da Nazio Batuen Erakundearean arabera. Bertako eskualde zabalena da Rajastan (edo “Erregeen Lurraldea” rajastaneraz), ipar-mendebaldean kokaturik dago eta Alemaniaren pareko hedadura du.

Kuxkuxeroak?

Desberdintasun kulturalak eta izaera kontrasteak oso nabariak dira edozein elkarrekintzatan. Kanpotarrek pizten duten ikusmina modu askotan erakusten dute: inolako disimulurik gabeko begiradak, bat-bateko elkarrizketak, baimenik gabeko argazki eta bideoak, etab. Halere, indiarren gehiengoa edukazio onekoa eta atsegina da, ezezagunarekiko jakin-min hutsa besterik ez dute. Ezinbestekoa da aurretik mentalizatua joatea eta jarrera positiboa izatea, askotan deseroso izan daitezkeen egoerei aurre egiteko.

Jaisalmer

Esperientzia ahaztezin bat bizi nahi izanez gero, Rajastan mendebaldean kokaturiko Jaisalmer hirira joan. Harresiz inguraturiko gotorleku honetara iristean zeure burua Indiana Jones-en film batean ikusiko duzu. Thar basamortu erraldoiak inguratzen du herrialdea eta, beraz, hemengo tenperaturak oso muturrekoak dira. Komeni da gutxienez hiruzpalau egun ematea bertan, bidaia-agentzia gehienek eskainitako deserturako safariren batekin gozatu ahal izateko.

Chai! Chai! Chai!

Rajastan sakonki ezagutzeko hiru bat aste beharko dituzu. Eskualde barruko zonalde interesgarrienetara iristeko trena da garraiobiderik fidagarriena –testuingurua kontuan hartuta–. Halere, atzerapenak eta matxurak bidelagun bereizezinak izango dituzu. Itxaronaldiak arintzeko Indiako infusio ezagunena eskaintzen da geldialdi bakoitzean, “Chai! Chai! Chai!” –espeziadun tea esnearekin– garrasia bidaiaren soinu-banda bilakatuz. Indrail Pass baimena eskuratzea da aukera merke eta malguena. Esaterako, hiru astez aire girotudun lehen mailan bidaiatzeko txartelak 160 euro inguru balio du.

Pushkar

Hinduismoa da Indiako erlijio jarraituena eta datuen arabera, Rajastanen %88 hinduista da. Eskualde honen erdigunean Pushkar hiri sakratua dago, pelegrinazio toki garrantzitsuenetakoa. Bertan alkoholaren salmenta eta kontsumoa guztiz galarazita daude. 21.000 biztanle inguruko herrialde honetan 80 tenplu handi eta tamaina txikiko 400 bat daude. Ezinbestekoa da Puskhar lakuan ilunabar aldean ospatzen den Aarti errituan parte hartzea. Benerazio-zeremonia honetan argia, musika eta intsentsua erabiltzen dira jainkoaren errepresentazio gisa. Lakuaren inguruan sortzen den atmosfera liluragarria da.

Spicy or not spicy?

Digestio-aparatuarekin ezustekoak ekiditeko ezinbestekoa da hainbat aholku jarraitzea. Argi ibili jaten duzunarekin. Kaleko postuetan elikagaiak eskuratzea oso merkea bada ere, ez litzateke ezohikoa bidaian zehar gastroenteritis edota antzeko ondoezak jasatea. Jatetxeetara jotzen baduzu, arrisku hau ez da guztiz desagertzen, indiar janariak dituen berezko osagaiengatik. Elikagai minengatik duten zaletasunagatik ezagunak dira eta hori oso kontuan eduki beharra dago gure sabelaren onerako. Ura beti botila itxietan edan. Dena den, botikin oparoa eraman badaezpada ere.