Rafael Berrioren omenezko kontzertua bihar ETB1en

2020ko martxoaren 31n hil zen Rafael Berrio musikari donostiarra. Haren omenez ziklo bat antolatu zuen lagun talde batek Donostia Kulturarekin batera. Jarduera nagusiak Ernest Lluch Kultur Etxean egin ziren, erakusketa bat barne, eta itxiera Victoria Eugenia Antzokian egindako kontzertuek eman zioten. Aipatzekoak dira lagunek Donostiako hainbat taberna eta gunetan antolatutako ekitaldiak ere.
Maiatzaren 19 eta 20an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian bi kontzertu egin ziren Rafael Berrio zenaren omenez, Rafa in memoriam lelopean. Musikariaren hainbat kolaboratzailek hartu zuten parte: Joseba Irazoki, Pavlychenko, Virginia Pina, Abraham Bova, Julia Cristina, Amateur, Miren Iza, Rafa Rueda, Paúl San Martín, La Oreja de Van Gogh, Petti, Txetxo Bengoetxea, Sanchís y Jocano, Maite Arroitajauregi Mursego, Karlos Osinaga Txap, Mikel Erentxun eta Diego Vasallok. Joserra Senperenak ekoiztu zuen kontzertua eta horretarako banda bat sortu zuen Joseba Irazoki, Fernando Neira eta Karlos Aranzegirekin batera.
Bihar, larunbata, eskainiko dute kontzertu osoa ETB1en, gaueko hamaikak aldera.