"Zuzkidura bizitokiak"

"Zuzkidura bizitokiak" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotzuzkidura--bizitokiakquot/@@download/image/20128286730irit_1360241835.jpg
2012/09/07
erreportajea
Amaia Elorza Pinedo, EtxebizHitza plataformako kidea
"Zuzkidura  bizitokiak"
Gurasoenean oraindik? Egon lasai, ez zara bakarra. Euskal gazteon %53k jarraitzen dugu egoera berean; eta besteen erdia gure etxean baino gehiago bankuarenean bizi gara. Ez da datu makala, ezta inolako erabilpenik gabeko 30.000 etxe daudela jakitea ere.

Baina ez larritu, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Lege Proiektu berriak badauka guretzako irtenbide bat. Gazteoi buruz hirugarren pertsonan hitz egiteko duten ohitura horrekin jarraituz, gazteok etxebizitza duinaren ordez denbora baterako bizitokia behar dugula erabaki dute. Tira, gazteok... eta etorkinek, aiton-amonek, etxegabeek... eta soldatapeko gizon helduak ez garen gainontzeko guztiok. "Zuzkidura-bizitoki" deitzen diote errezeta magiko honi. Etxebizitza izena erabiltzera ere ez dira ausartu!

Bizitoki hauek denbora tarte mugatu batez soilik erabili ahal izango dituzu, ez dituztelako alokairu kontratuen legeak ezartzen dituen epeak errespetatu beharko. Zenbait urtez etxe bila ibili ondoren, bizitoki bat lortu eta urtebete igarota kalean ikusiko duzu zure burua berriro ere. Ez zaitez kexatu, gaztea zara eta. Hirigintza lege-araudien gainetik ere pasatuko dira. Mugarik gabe, nahi beste eraiki ahal izango dute haur-eskolak, elkarteentzako lokalak edo beste zerbitzu batzuk ezartzeko aurreikusita zeuden orubeetan. Emaizkiezu eskerrak, elkarte eta gazteontzat toki publikoz beteta daukagu-eta hiria, ez al da hala?

 Gazteon etxebizitza beharra ustez asetzeko aitzakiarekin lege eta arautegien gainetik salto egitea bost axola bazitzaien, hobe lukete jabetza pribatuaren funtzio soziala errespetatu, gazteoi lehen pertsonan geure burua adierazten utzi eta askok okupazioan bilatzen duten irtenbidea despenalizatzean pentsatzen hastea