"World War Center"

"World War Center" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotworld-war-centerquot/@@download/image/12p41-1_1370950089.jpg
2001/10/05
erreportajea
"World War Center"
Hemendik aurrera telebista munduarekin lotutakoak orrialde honetara ekarriko ditut. Telebistari begiradatxoa ematen ahaleginduko naiz, ahal dela, ikuspuntu kritiko batez. Lehenengoa egiten hasi eta hara zer topatu dudan telebista guztietan: azken urteotako gertakaririk izugarrienetakoa.

Ameriketatik iritsitako azken filmearen izenburua da. "Titanic"-en bertsio berria. Baina oraingoan, ontzi bat hondoratu ordez, bi dorre hondoratzen dira. Oscar-ik ez diote emango, baina azken honen ondoan "Independence day" edo "Pearl Harbour" txiki gelditu dira. Izan ere, "World War Center"-ek dena txikitu du.
Irailaren 11n estreinatu zuten. Grabatu eta estreinatu. Dena egun berean. Gidoia aspalditik ari ziren prestatzen, baina isilpean. Inork ez zekien. Esaten da Ben Laden dela zuzendaria eta aktoreak, berriz, kamikaze batzuk.

Kontua da, "World War Center"-ek marka guziak hautsi dituela. Lehen aldiz, telebistara aretoetara baino lehen iritsi da. Zuzenean eman dute. Mundu guzia begira zegoela. Zuzeneko emanaldia, errepikapenak, ber-errepikapenak... Dena izan du handia. Prestaketa lana, audientzia, gastua, aktore kopurua, hildakoak...dena.

Baina, "World War Center" ez da bukatu. Hollywood aho zabalik utzi du, baina Etxe Zuria ez dago geldirik. Gure Bush Bunny munduaren salbatzaile berriak bere pelikula asmatu du, "Worl War Center"-en bigarren partea. Baina, hori bai, "World War Center"-en bigarren atala ateratzen denean, denok jakingo dugu atera dela, baina ikusi, inork ez du ikusiko. Bideoa, Etxe Zurian geldituko da.

“Mi Teniente” telesail politikoa



TVEn telesail berria asmatu dute: “Mi teniente”. Goardia Zibilak ETAren aurka borrokatzen ikusten dira. Eta begira dauden ikusleek besterik ez dute jaten: goardia zibilak "zintzoak" eta ETAkoak "gaiztoak". Francoren garaietan bezala, telebistatik politika egiten da iritzi publikoa manipulatzeko. Eta espainiar peto-petoak, denak begira-begira, toreroak zezena nola hiltzen duen ikusten.

Noizko Anaia Handia ETBn?



Espainiako Tele 5-ek "Supervivientes" telesaioari heldu dio berriro. Noiz egin behar du ETB 1ek horrelako saio bat, "Anaia Handia", esaterako? Espainiako "Gran Hermano"-k eta Frantziako "Loft Story"-k arrakasta izan dute. Eta Euskal Herri "kritiko" eta "euskaltzale" honetan ere saiook ikusle andana eskuratu dute. Beraz, noiz ikusi behar ditugu Patxi Andoni, Ane Miren, Beñat eta enparauak baserri edo irla batean isolatuta elkarren aurka eginez? Euskal kultura sustatzeko "aurrerapauso" handia izango litzateke.