"The Siege": iragarritako atentatu baten kronika

"The Siege": iragarritako atentatu baten kronika https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotthe-siegequot-iragarritako-atentatu-baten-kronika/@@download/image/12p33-1-2.jpg
2001/10/05
erreportajea
Iñaki Lazkano
"The Siege": iragarritako atentatu baten kronika


"Etsai ikusezin bat, mehatxatutako herrialde bat, kontrolaezina zaien krisi bat". Irailean New Yorkeko Dorre Bikiak errauts bihurtu zituen atentatuaren kronika samina dirudien arren, duela hiru urte estreinatutako film baten iragarki sentsazionalista besterik ez da. Izan ere, errealitateak fikzioa gainditu aurretik, muturreko talde islamiarren atentatuz kolpatutako New York kiskalia irudikatu zuen estreinako ekoizpena izan baitzen Edward Zwick-en "The Siege" iluna.

Jendez jositako autobus bat, antzoki bat eta FBIko egoitza nagusia ziren erasotzaile suiziden helburuak "The Siege" filmean. Estatu Batuetako gune politiko, ekonomiko eta militarrak izan zituzten xede, berriz, benetako erasotzaileek." Independence Day"-ko extralurtarren eta "Air Force One"-ko terrorista errusiarren helburuak tentagarriagoak zitzaizkien. Xedeak eta atentatuen izaera alde batera utzita, baina, "The Siege"-ek fideltasun handiz iragarri zuen New York hiria astindu duen ezbeharra.

Baina bere dohain iragarleengatik baino areago, planteatzen dituen galderengatik eta iradokitzen dituen ondorio latzengatik da interesgarria "The Siege". Sakonean, Estatu Batuetako kanpo politika oldarkorraren salaketa gordin bat ezkutatzen baitu. Iraken aurkako borrokan CIAk trebatu zituen ekintzaile arabiarrak bilakatzen baitira etsai filmean. Osama Bin Ladenen kasua klonikoa da. CIAren laguntzaz, Afganistanen sobietarren aurka borrokatutako gerrillari ausarta terroristarik krudelena baita orain. Zeinek du, ordea, erantzukizun handiagoa… munstroak ala munstroaren sortzaileak?

New Yorkeko bihotza pitzatu duten atentatu basen ostean, militarrek gerra-legea ezarri eta arabiar guztiak kontzentrazio-esparrutan sartzen dituzte "The Siege" apokaliptikoan. Zinema kritikari askok gehiegikeriatzat jo zuen pasarte hori, baina, benetan gertatu zen Pearl Harbor erasotu zutenean. "Snow Falling on Cedars" sentiberak ezin hobeto islatzen du jatorri japoniarreko estatubatuarrek sasoi hartan kontzentrazio-esparru yankietan jasandako infernua. Arabiar jatorriko estatubatuarren aurkako polizi jazarpenak nahiz herrialde islamiarren kontrako gurutzadak nekez amaituko dute sufrimenduarekin, ordea. Arazoaren sustraiari heldu ordez, haren adierazpide hutsari erasotzen zaion heinean, iragarritako tragedia baten kronika bihurtuko baita etorkizuna.