"Retreated"

Erremixaren garaian bizi gara. Kanta propioen -edo beste talde batzuen kanten- erremixak egiten ez dituen musikaria jokoz kanpo ote dago? Ez du zertan horrela izan beharrik, baina egia da, erremixen jokoak, jamaikarren asmakizun eder horrek, musikaren sormen prozesuari baliabide berria ekarri diola. Erremixak abestiari bizi berria eskaintzeko ahalmena du, eta erabiltzailearen esku dago bizi horren balioa erabakitzea. Louie Vega, Señor Coconut, Nickodemus, Yam Who eta antzeko pribilegiatuek Trüby Trio proiektuaren hainbat kanta bernahasteko ohorea izan dute. Guk emaitzarekin gozatzeko pribilegioa dugu.