"No angel"

Faithless taldeko DJ Rollo-ren ahizpa bakarrak duela urte t'erdi atera zuen bere diskoa, baina ospea orain etorri zaio, Eminem rap izar gazteak "Stan" abestian bere "Thank you" kantuaren melodia erabiltzerakoan. Ohartu gabe, "Stan" entzuterakoan 28 urteko abeslari hau ari ginen entzuten (bideo-klipeko neska ere bera da). Abesti horrek eduki duen arrakasta itzelak "No angel" izeneko lanaren berrargitarapena ekarri du. Bertan, Beth Orton eta Sinead O'Connor-en erdi bidean azaltzen da Dido, agian azken horrengandik gertuago, ahotsa benetan antzekoa du eta. "No angel" lan dotorea da, zaindua. Horretan garrantzia dauka DJ Rollo berak ekoizpenean eman dion dance ukitu leunak.