"Nire abestietan mezu baikorra gailentzen da"

"Nire abestietan mezu baikorra gailentzen da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotnire-abestietan-mezu-baikorra-gailentzen-daquot/@@download/image/201012228404antton_aranburu.JPG
2012/12/13
berria
Euskarazko 14 abestirekin iritsi zaigu Antton Aranburu. Beno, ez da bakarrik iritsi, Bidaiari Bakartiak taldearekin baizik. Kaleratu berri duten 'Goraka' diskoa bi hitzetan? Malenkonia eta nostalgia (…)

Musikari autodidakta zara. Kontaiguzu piska bat nola hasi zinen musika munduan.
Bai, hala da. Nahiz eta gitarra eskolak jaso izan ditudan, neure burua musikari guztiz autodidaktatzat daukat. Musika pila entzuten dut, saiatzen naiz gitarrarekin besteen abestiak ateratzen, Internetetik partiturak jaisten ditut, lagunekin geratu jotzeko…eta horrela ibiltzen naiz beti. Musika eta kantugintza izugarrizko pasioa dira niretzat, eta horrek asko errazten du instrumentuarekin sortzen den harremana, nolabait lotura hori estutzen baitu. Nire aitak ere gitarra jotzen zuen, eta Busturian gaztetan hasi nintzen lagunekin gitarra jotzen. Herriko dantza taldeari, Irrintzi Alairi, musika jartzen genion haien emanaldietan.

Denbora tarte batean albo batera utzi zenuen musika, Glasgowen zeundela berriro ekin zenion arte, ezta?
Zenbait taldetan ibili nintzen 15 eta 18 urte bitartean. Oso gazteak ginen. Unibertsitatera heldu nintzen, eta atsedenaldi bat behar nuela sumatu nuen. Musika pila deskubritu nuen unibertsitatean nenbilela. Abestiekin jarraitzen nuen, baina oso modu intimoan, alegia etxean eta lagun artean tarteka joz. Urtebete eman nuen Glasgowen. Bertan Open Mic gauetan parte hartzen nuen. Ez ziren musikari  profesionalentzako Jam Session-ak. Jende gaztea gitarrarekin igotzen zen taula gainera, eta abesti pare bat jotzen zituen. Gustouko nuen freskotasun hura, eta sortzaileen arteko konplizitatea. Kantua eta kontatu nahi ziren istorioak ziren garrantzitsuena, eta horrekin oso identifikatuta sentitu nintzen.
Ene uste apalean, Euskal Herrian izugarrizko musikari onak ditugu, baina eskoziarrek kantugintzan abantaila itzela dute gurekiko. Behin Eskoziatik itzulita kantak sortzeari ekin nion. Uste dut handik bueltan nire abestiek beste arnasa bat hartu zutela; melodia berriak, estribillo poperoagoak, sustrai folkiak…

Lehen diskoa iritsi da orain. Zein da 'Gorakadaren' mezua? Esan al daiteke gehien bat maitasun diskoa dela, malenkoniaz zipriztinduta?
Maitasuna oso present dago diskoan, baina badira beste hainbat tematika ere: adiskidetasuna, nostalgia, pertsonaia berezien istorioak eta abar. Nik esango nuke diskaren ildo nagusia melodiak direla; eta egia esan, melodiok badute halako euskarri komuna melankolian eta nostalgian. Dena den, abestien hitzetan mezu baikorra gailentzen da beti; aurrera jarraitzeko beharrizan bat, gora begiratzeko nahia. Eta horregatik aukeratu nuen 'Goraka', diskaren izenburu gisa,…beti goraka egin behar delako, beti goraka egiten dudalako.

Bidaiari Bakartiak da zure taldearen izena. Zeintzuk dira Bidaiari Bakartiak? Nola elkartu zarete?
Bidaiari Bakartiak lagunak nituen diskoa grabatu aurretik, eta haiengana jo nuen zerbait grabatzeko erabakia hartu nuenean. Gasteizko musika panoraman nolabaiteko ospea duten musikariak dira. Juanma Guereñuk ekoitzi du diskoa eta gitarra elektrikoaz arduratu da. Hasier Oleaga, bateria lanetan ibili zen grabaketa saiotan, nahiz eta zuzenekoei dagokionez, Iker Uriartek hartu duen haren lekukoa. Teklatuetan, akordeoiarekin eta koruetan Kepa Martinez de Albeniz ari da. Eta azkenik, baxuarekin, Danilo Foronda. Hainbat taldetan aritu izan diren musikariak dira: Ruper Ordorika, Betagarri, Gari, Tinta China, Ortophonk,…Pribilegio handia da niretzat haiekin eszenatokia partekatzea. Horrez gain, diskan luxuzko bi kolaborazio izan ditut: Audience taldeko Ager Insunza Steel Gitarrarekin eta bibolinarekin eta José Agustin Gereñu, malko Baxuarekin.

Zer asmo datozen hilabeteetarako? Kontzertu asko lotuta?
Jo, jo eta jo. Hori da nire nahia eta helburua. Badauzkagu pare bat data zehaztuta urtarrilak 27an Zarautzen eta apirila aldera Gasteizko unibertsitatean. Espero dut datozen asteetan data gehiago ixten joatea. Dena den norbait interesatuta egonez gero, nire webgunearen bitartez jar liteke gurekin harremanetan.

Bizkaitarra zara jaiotzez, baina Gasteizen bizi zara. Etxean jo al duzu jada? Bestela jotzeko gogoa izango duzu, ezta?
Busturian pare bat aldiz aritu izan gara, jaietan eta Biodibersika jaialdian. Gasteizen ere pare bat kontzertu egin ditugu. Negu garaia ez da oso aproposa izaten kontzertuetarako, leku itxiak izan behar dira derrigorrez. Dena den edozein plazatan "toreatzeko" asmo sendoa daukagu.