"Love and theft"

Bob Dylan ez da nostalgikoen babeslekua. Egun, 1997ko Time out of mind neurtezinean erakutsi bezala, Dylan, His Bobness orain esaten dioten moduan, narrazio bat abesten den toki guztietan dago, Young eta Waits-etik hasi eta Ryan Adams edo Lambchop-en belaunaldi berrietara iritsi arte. Love and theft lehorra da. Lehorra ekoizpena, latza, elektrikoa, Dylan-ek berak Jack Frost goitizena erabiliaz egin duena, hau da: ekoiztu gabea. Lehorra aurkezpena, kantuen testurik gabe, zuri beltzezko argazki pare bat baino ez. Lehorra Deltako Blues lizuna den bezala, diskoak bere arantzetan korapilatuta ematen baititu minutuak. Irribarrerik gabeko gizonak beste guztien gainetik dirau.