"La buena nueva", eliza frankistaren bekatuak

"La buena nueva", eliza frankistaren bekatuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotla-buena-nuevaquot-eliza-frankistaren-bekatuak/@@download/image/90p68labuena_1363212791.jpg
2008/11/07
erreportajea
Testua: Gontzal Agote
Azaroaren 14an estreinatu zen "La buena nueva", Helena Taberna zuzendari nafarraren film berria. Barbara Goenaga eta Unax Ugalde aktoreak protagonista dituen pelikula hau benetako gertakarietan oinarritua dago, eta Elizak Gerra zibilan izandako jokabidea disekzionatzen du.

Duela 14 urte, Helena Tabernak Alsasua 1936 pelikula egin zuen. Bertan, Gerra Zibilan eta gerraren ostean Altsasun gertatutakoa kontatu zuen, apaiz gazte baten begiradatik.

2008an gaiak pil-pilean segitzen du, eta orduko hura, luzemetraia bihurtu du orain zinemagile nafarrak. Filmak La buena nueva du izenburua, eta hilabete honetan iritsiko da gure pantailetara. Euskal Herrian filmatua, gure historia hurbilaren pasarte bat kontatzen du, eta euskal aktoreak dira nagusi. Hori bai, aretoetan erdaraz ikusi beharko dugu, beste behin.

Film hau egiterakoan, Helena Taberna zuzendariak bere osaba zenaren istorioa hartu du oinarritzat: Mariano Aierra, Altsasuko parrokoa. 25 urte zituela, 1936an, Altsasuko parroko izendatu zuten Aierra, eta frankisten altxamenduaren ondoren, errepresioaren lekuko zuzena izan zen.

Helena Tabernak ez zuen bere osaba ezagutu, baina altsasuar askok hitz egin diote hark egindakoez. Aierrak berak, bere bizipenen berri eman zuen No me avergoncé del Evangelio (Mintzoa, 2003) liburuan.

Pelikulan, aldatuta daude istorioaren kokalekua eta protagonisten izenak. Apeza herrira iritsi eta gutxira, Gerra Zibila hasiko da, eta apezak bertatik bertara ikusiko ditu herrikideen erahilketak. Migel, protagonista, senarra hil dioten Margari herriko maistraren adiskide eginen da eta, harreman horren bitartez, apezaren barne ekaitza azaleratuko da.

Esan bezala, filmean, istorioa ez da Altsasun gertatzen; alegiazko Alzania herrian baizik. Pelikula Leitzan, Aldatzen eta Azpeitian filmatu zuten, eta herritar askok parte hartu zuten grabaketetan.

Horrez gain, aktore ezagunek parte hartu dute pelikulan: Unax Ugalde da protagonista, eta Barbara Goenagak bete du Margari maistraren papera. Joseba Apaolazak, Klara Badiolak, Joseba Aginagaldek, Kandido Urangak eta Mikel Tellok ere parte hartu dute filmean, eta hauekin batera, Guillermo Toledo espainiar aktore ezagunak eta Loquillo musikariak. Zineman ikusteko garaia da orain.