"Jaio.Musika.Hil"

"Jaio.Musika.Hil" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotjaiomusikahilquot/@@download/image/58p31-1.jpg
2005/12/04
kritika
Testua: B. Malone
Berri txarrak
58.zenbakia
Beren bosgarren diskoan, ez dute hutsik egin Berri Txarrak nafarrek. Gorka Urbizuk gidatutako taldea laukote izatetik hirukotera igaro da, baina bistan denez, horrek ez du taldea ahuldu. Diskoan ez, behintzat.
“Jaio.musika.hil” lanak disko batek izan behar lukeen, baina disko guztiek bermatzen ez duten zerbait eskaintzen du: abesti onak eta estilo/nortasun bati etekina ateratzeko ahamena. Beste kontu bat da -beste upel bateko ardoa, alegia-, Berri Txarrak fenonemoak zenbat kopia txar eragin dituen euskal musikan, eta kopia txar horiek estiloarekiko eragiten duten mesfidantza. Izan ere, Berri Txarrak-ek oso ondo egiten du berea; baina ez beste batzuek Berri Txarrak-ena. Konprenitzen?
Disko hau, nafarrek inoiz konposatutako abesti onenarekin hasten da: “Zertarako amestu”. Minutu eta 24 segundutako pieza hori gustu onaren erakusgarri da, eta goxoki ttikiak batere gizendu gabe eskaini behar direla agintzen duen jakinduria erakusten du (abesti horri beste itzuli bat gehiago eman baliote, xarmaren erdia kenduko zioten).
“Berba eta irudia” eta “Oreka”, ondorengo abestiak, buruan itsatsita geratzen diren torpedo zitalak dira, eta sarbidea ematen diote “Iparra galdu: hegora joan” indartsuari. Horren ostean dator, “Jaio. Musika.Hil” bikaina, eta “Onak eta txarrak” eta “Iraultza txikien asanblada” itsaskorrak. Ez dugu aurrera jarraituko, baina antzeko gauzak esango genituzke diskoa amaiera arteko gainontzeko abestiez ere. Oso maila ona dute.
Izan ere, irudi du, abestien bizkarrezurra egiterakoan muinera jo dutela mutilek. Intentsitateak, melodiak eta erritmoak ondo neurtu dituztela. Eta hitz azkarrez jantzi. Gainontzeko malabarismoak, alde batera utzi dituzte.