"Heathen Songs"

Banda ezezagun hau Australiako Perth hirian sortu zen 2003an. Hasieran, hirukote akustikoa ziren, baina gaur egun, sei lagunek osatzen dute taberna zuloetako koadrila zikin hau. Izan ere, rocka, gospela, folka, bluesa eta countrya primeran uztartzen dituzte; batzuetan, folk irlandar kutsua duten parrandarako kanta alaiak egiteko eta beste batzuetan, balada mingarriak josteko, Royal Canal nafarren antzera, alegia. Nick Cave, Leonard Cohen, Bob Dylan, The Pogues, Chris Isaak eta antzeko musikari eta talde handien eragina nabarmena da. Hala ere, abestiek nortasun handia dute.