"Gero eta gertuago ikusten dut profesionala izateko aukera"

"Gero eta gertuago ikusten dut profesionala izateko aukera" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotgero-eta-gertuago-ikusten-dut-profesionala-izateko-aukeraquot/@@download/image/201132278arruabarrena1.jpg
2012/12/13
berria
Lara Arruabarrena Vecino tolosarra Euskal Herriko tenislaririk onena da; 18 urte baino ez dituen arren, gauzak ondo, mundu zabalean jokatzen diren txapelketa garrantzitsuetan ikusi ahal izango dugu berandu baino lehen.

Euskal Herriak ez ditu punta-puntako tenislari askorik eman, baina batzuk eman eman ditu. XX. mendearen hasieran, pilotari izandako Jean Borotra miarriztarrak oso txapelketa garrantzitsuak irabazi zituen. Eta ezin ahaztu Rene Lacoste handia Parisen jaio bazen ere, urte luzez Donibane Lohizune izan zela bizileku eta bertan zendu zela, bere izena daraman kirol marka sortu ostean. Krokodriloaren marka, bai. Horren urrun joan gabe, Alberto Berasategi arrigorriagarrak oilar bat baino gehiago estu hartu zuen. Zarata handirik egin gabe. Apurka apurka gora egiten ari da Lara Arruabarrena tenislari tolosarra WTA Emakumezkoen Munduko Sailkapenean. 300. postuaren inguruan dabil, baina 18 urte baino ez ditu, eta beraz, bideari ekin baino ez dio egin. Sailkapenaren lehen postuan izandako eta zenbait Grand Slam irabazitako Justin Henin belgiarra da bere kuttuna. Erne, Henin ez da erretiratu eta batek daki, agian luze jo gabe haren kontra jokatzeko parada izango du.

Zer helburu jarri diozu zure buruari 2011 urteari begira?
Junior izateari utzi diot. Nagusien kategorian nago, beraz. Munduko sailkapeneko 300. postuaren inguru nabil eta urtea 200. postuaren bueltan bukatu nahi nuke. Orain artean, Rabateko txapelketan finalerdietaraino iritsi naiz eta Mallorcan jokatutako bi txapelketetako bat irabazi dut.

Tenislariak hara eta hona ibili ohi zarete. Zer moduz daramazu maleta uneroko bidelagun izatea?
Ondo. Bidaiatzea atsegin dudalako, toki asko ezagutu ahal izateko. Entrenatzailearekin bidaiatzen dut. Azkenerako ohitzen zara, eta aukeran nahiago dut bidaiatzea hemen, Bartzelonan, entrenatzen egotea baino. Ez dut igarotzen hilabete baino gehiago jarraian Bartzelonan; normalean, pare bat aste besterik ez.

Hiru urte dira Tolosa utzi eta Bartzelonara joan zinela. Bizimodua guztiz aldatuko zitzaizun. Zer moduz Bartzelonan?
San Cugaten nago, kirolarien egoitzan, gustura, baina esan bezala ez naiz horrenbeste denbora egoten hemen. Hainbat kiroletan dabiltzanekin nago, tartean altuera jauzian aritzen den Maitane Azpeitiarekin. Tolosako lagunekin harremanean egoten saiatzen naiz, nahiz eta gero eta zailagoa den. Hala ere, etxera itzultzen naizen bakoitzean haiekin elkartzen naiz.

2010ean Europako txapeldunordea izan zinen Junior mailan. Hori da orain arteko lorpenik aipagarriena eta bada zerbait.
Europako txapeldunordea izatea baino garrantzitsua izan zen txapelketa batzuk irabaztea mundu osoko tenislariek parte hartzen dutelako torneo horietan, eta ez bakarrik Europakoek. Valentzian bi txapelketa irabazi nituen eta Badalonan eta Mallorcan bana.

Aurtengo denboraldia 200. postuaren  inguruan bukatu nahi duzula diozu. 19 urte beteko dituzu udaberrian. Non dago muga profesionaltasunera jauzi emateko?
Hona etortzeko aukera eman zidatenean baiezkoa eman nuen segituan. Une hartan  banuen buruan profesionaletara iristea, eta gero eta gertuago ikusten dut.

Noiz eta nola hasi zinen bidea?
Zortzi urte nituela, udaran lagun batek eta biok izena eman genuen Donostian tenis ikastaro batean. Niri gustatu egin zitzaidan eta jarraitu egin nuen. Tenisean jokatu nuen lehen aldia izan zen hura, nahiz eta aurretik frontenisean ibiltzen nintzen.

Sona handiko zein txapelketa gustatuko litzaizuke jokatzea?
Roland Garros da gehien gustatzen zaidana. Joan den urtean binakakoan jokatu nuen. Telebistaz ikusten nuenetik gustatu zait eta han zaudela txundigarria da; dena oso handia da, jende asko dago… Horretaz gain, lur harrotuan moldatzen naiz ondoen. Nire belaunaldiko emakumeek oso zuzen eta oso azkar jotzen dute pilota, eta nik neure burua seguruago ikusten dut lur harrotuan, pilota mantsoago doalako.

Euskal Herriak oso tenislari gutxi eman ditu. Akaso urte gutxiren bueltan inoizko euskal tenislaririk onena izango zara…
Ez ahaztu Alberto Berasategi –Arrigorriagako tenislaria Roland Garroseko finalera iritsi zen 1994an-. Gazte asko hasten dira tenisean, baina denboraren poderioz aspertzen dira, batez ere emaitza onak ez badira. Zuk oso ondo joka dezakezu, baina besteek hobeto jokatzen badute…Grina ezinbestekoa da kirol honetan, ez dago konformista izaterik. 16-17 urteko jokalari batzuk konturatzen dira tenisa ez zaiela hainbeste gustatzen, nahiago zutela lehia txikiagoa zenean eta kirolak jolas kutsua zuenean. Baina garai hori ez da bueltatuko

Eta bermerik ba al duzu teniseko bidea nahi bezain oparoa izan ezean?
Joan den urtean batxilergoa eta selektibitatea gainditu nituen, baina oraindik ez naiz unibertsitatean hasi. Lagun batek arazoak  izan zituen iaz kirola eta ikasketak tartekatzeko eta hori ikusirik, nahiago izan dut aurten tenisari ekitea buru belarri.

Tenislari profesionalek dirutza irabazten dute, edo uste hori zabalduta dago behintzat.
Gehien irabazten dutenak ikusten dira bereziki, baina jendeak ikusten ez dituenak dira bidean gelditzen direnak. Gutxi gorabehera munduko sailkapeneko lehen 70ak izan daitezke profesional osoak. 70na gizon eta emakume mundu osoan. Futbolean, adibidez, errazagoa da profesionala izatea, nahiz eta puntako talde batean egon ez. Nik Espainiako Federazioaren babesa dut, baina hemen -Bartzelonako kirolarien egoitza- dauden beste batzuen sendiek dirua jarri behar izan dute euren semea edo alaba treba dadin. Alde horretatik, bai, dirua eduki behar da.

Ia edonork aipatuko lituzke hiru gizonezko tenislari, baina emakumezkoekin ez da gauza bera gertatzen. Duela urte batzuk Kournikova oso-oso ezagun egin zen itxura fisikoagatik, ia-ia txapelketarik irabazi gabe…

Gizonezkoei gehiago ikusten zaie, hori egia da, baina uste dut aurrerapausoak ematen ari direla berdintasunerantz; sariak, esate baterako, parekatu dituzte.

Tolosak oso kirolari onak eman ditu azken urteetan, Xabi Alonso eta Edurne Pasaban kasu. Tokitan ikusten al dituzu?
Xabi Alonsori eginiko omenaldia bertatik bertara ikusi nuen Gabonetan. Egunen batean horrelakorik niri egingo ahal didate!