"Gaztetxeak garrantzi handia du kulturan"

"Gaztetxeak garrantzi handia du kulturan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotgaztetxeak-garrantzi-handia-du-kulturanquot/@@download/image/70p38_1.jpg
2007/01/05
elkarrizketa
Gaztezulo
"Gaztetxeak garrantzi handia du kulturan"
Euskal Herriko gaztetxe ospetsuenetako bat, Andoaingoa, kinka larrian dago. Abenduaren 1ean, bertako kontzertu bat geldiarazi zuen Ertzaintzak, eta berriak telebistara salto egin zuen. Ordutik hona, gauza asko gertatu dira: abendua hasieran Andoainen gaztetxearen alde egindako manifestazio jendetsua, hamaika musikari eta taldek adierazitako atxikimendua.... GAZTETXULO Koldo Otamendirekin, Andoaingo gaztetxeko kidearekin mintzatu da.  

Noiz sortu zen Andoaingo gaztetxea?
1984an okupatu zuten gaztetxea. Udaletxeari gazteontzako lokalak eskatu zitzaizkion, eta eskaerak erantzunik ez zuela ikusirik, okupazioaren bidea hartu zen. 1996an, hondeagailu batek ordura arte gaztetxea izandako erakina bota egin zuen, eta Andoaingo gazteak Larramendi kalera joan ginen, lokal berriaren inguruan Udalarekin akordioa lortu eta gero. Orain eraikin hau dago arriskuan; gaztetxe berria, alegia.

Urte guztiotan, zein izan da Andoaingo gaztetxearen ezaugarri nagusia?

Kanpora begira, behintzat, antolatutako milaka kontzertuak dira ezaugarri nagusia. Hala ere, 22 urteko historian, gaztetxean hamaika ekimen eta borroka piztu dira: Olinpiapopularrak, OTANen aurkako borroka, Leitzarango autobidearen kontrako mugimendua, hitzaldiak, antzerkiak… Aro berri honetan, aldiz, malabare ikastaroa, mahainguruak, umeentzako jolasak, gazte olinpiadak, pilota txapelketa, AHTaren kontrako ekintzak, rokodromoa.... eta bestelako ekintza asko antolatu ditugu. Era berean, hamaika pertsona eta erakundek erabili dute gaztetxea.

Gaur egun, Euskal Herriko gaztetxerik zaharrena al da Andoaingoa? Alde horretatik, eredua ezarri al du?

Ez dakit eredu hitza erabili daitekeen, baino errefentea izan da, behintzat. Horretan ez dago inongo zalantzarik. Seguru asko, Andoaingoa Euskal Herriko gaztetxe zaharrenetakoa izango da, Lezoko Txerrimuño, Larrabetzuko Hori Bai, eta Gasteizkoarekin batera. Ez dakigu eredu garen, baina oso ezagunak bai, behintzat, lehen aipaturiko kontzertuei esker. Urte asko dira, eta gauza batzuk ongi egin ditugu. Nire ustez, autogestioan antolatzeko era bat erakutsi du gaztetxeak, eta hasieratik gaur egun arte mantendu den bizimodu bat izan da. Autogestioa eta antolaketa asanbladen bidez egin da beti.

Aurrekoan, musikari eta talde ezagunen sustengua jaso zuen gaztetxeak. Halako erantzuna espero al zenuten?

Musikariena, di-da batean eta oso modu naturalean antolatutako prentsaurrekoa izan zen. Hilabete lehenago Ertzaintzak gaztetxearen kontra egin zuela zabaldu zenean, eta jendeak gaztetxea itxi nahi dutela jakin zuenean, musika mundutik be-rehala etorri zen babesa. Prentsaurrekora azaldutako musikariak, elkartasuna adierazi digutenen lagin txiki bat besterik ez dira, izeberraren punta.

Atzerritik ere atxikimendu asko heldu zaizkizue, ezta?

Bai, hala da, baina egia esan, ez dugu alor hori gehiegi landu. Espainiatik ere elkartasun mezu asko heldu dira: Reincidentes, Boikot, Def Con Dos edo Nueva Vulvano taldeenak, adibidez. Gaia gehiago landu bagenu, atxikimendu gehiago lortuko genituen.

Musikariez aparte, bestelako kultur eragileen laguntza bilatzeko asmoa al du gaztetxeak?

Musikariena ongi egon zen, prentsa mailan oihartzuna izan zuelako. Udaletxean ere kontuan hartu dutela pentsatzen dut. 22 urte dira kultura alternatiboa lantzen ari garela, eta lorturiko atxikimenduek hori adierazten dute. Hala ere, herri mailan landu nahi dugu atxikimenduen kontua: gaztetxeak bizitza handia ematen dio herriari, eta gaztetxearen aldeko defentsak hortik etorri behar du. Orain da unea, Andoainek gaztetxea behar duela adierazteko.

Kontzertuetan zarata handia izaten dela, eta gaztetxeak beharrezko baimenik ez duela leporatu dizue Udalak. Horren aurrean, zer duzue esateko?

Funtsean, beste pentsamolde bat dago salaketa horien oinarrian; izan ere, Udaletxeak eta guk, ez dugu ideia bera kulturari buruz: 22 urte luze dira gauzak antolatzen ari garela, baina udaletxeak ez du batere gustuko gure jarduera, gure antolakuntza kontrolatzen ez duelako. Autogestioan oinarritzen gara, ez dugu dirulaguntzarik eta ez ditugu dirulaguntzarik nahi. Ez ditugu behar. Eginiko ekitaldi mordoak berak justifikatzen du gaztetxearen zilegitasuna. Zarata dela-eta, faktore asko egon daitezke aztertzeko.

Gaztetxe inguruko bizilagunekin izan al zarete?

Oraingo gaztetxe berrira etorri ginenean, harreman zuzena izan genuen bertako bizilagunekin. Normalean, gaztetxe batek ez du oso izen ona izaten, eta bertakoekin hitz egin genuen. Guk  elkarbizitzaren aldeko apustua egin dugu beti. Baina azken bizpahiru urte hauetan, gauzak asko aldatu dira gaztetxearen inguruan: lehen gaztetxea herri kanpoan zegoen, eta orain, berriz, etxe berri piloa eraiki dituzte inguru honetan. Ertzaintzak gaztetxearen aurka egin ondoren, batzar batera deitu genituen bizilagunak, eta aurrerantzean ere bide hori jorratzeko asmoa dugu. Era berean, gaztetxeak autokritika egin behar duela pentsatzen dut, gauza asko hobe egin daitezkeelako, seguru asko.

Andoaingo udalarekin harremanetan al zarete? Nondik etor daiteke konponbidea?

Urteak dira harreman txarra dagoela, edo zehatz-mehatz esatearren, harreman zuzenik ez dagoela. Ez dugu pentsamolde bera gaztetxearen inguruan, eta harremanak ez dira errazak. Gaztetxea dagoen eraikina udaletxearen da, baino haiek ez dute inoiz ezer egin lokalaren alde. Ertzaintzak gaztetxearen aurka egin ondoren, udaletxera jo genuen eta erantzun bakarra jaso genuen: gaztetxea ixteko asmoa dutela. Gaur egun, elkarrizketarako bideak irekitzen ari direla esan dezakegu.

Oro har, nolako jarrera antzematen duzue andoaindarren artean gaztetxearekiko?

Gaztetxea oso errotuta dago herrian: 22 urte, urte asko dira, eta belaunaldi asko pasatu dira gaztetxetik. Pentsa, gaztetxea okupatu zutenak berak, gaur egun mende erdia betetzekoak dira asko, eta nahiz eta gaur egun gaztetxera gutxitan etortzen diren, zuzenean sentitu dute erasoa. Andoainen egin genuen manifestazioan elkartu zen jendetza da horren erakusgarri.

Bukatzeko, zer eskatzen diozue 2007ari?

Gauza bakarra: ez diezazkigutela oz-topoak jarri bidean. Andoainek gaztetxea behar du, gaztetxeak garrantzi handia du kultura mailan hau bezalako herri batean. Udaletxeak gaztetxea onartu eta errespetatu behar luke, elkarbizitzaren aldeko apustua eginez, tentsioak eta errepresioa bultzatu beharrean.