"Gazteek diotena entzun eta kezka horiei erantzun bateratua eman nahi diegu"

"Gazteek diotena entzun eta kezka horiei erantzun bateratua eman nahi diegu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotgazteek-diotena-entzun-eta-kezka-horiei-erantzun-bateratua-eman-nahi-dieguquot/@@download/image/2011465789marasma_I.jpg
2012/12/13
berria
Marasma Saretzen ekimeneko kideak, Armiarman eta Maraswoman, GAZTEZULOko erredakzioan izan dira bisitan. Orain hiru hilabete gazteek abiatutako egitasmoa zertan den kontatu digute. Zein diren hau martxan jartzera bultzatu dituzten kezkak, zein helburuak, nola ari diren guztia mamitzen eta ze asmo duten aurrera begira. 

Zer da Marasma Saretzen?
Euskal Herriko gazteok abiatu dugun prozesu berria da. Gazteriak dioena entzun nahi dugu eta gazteek plazaratzen dituzten kezkei erantzuna eman.

Zein dira helburuak?
Azken urteetan gazteriak bere kolektibo izaera eta sentimendua galdu duela iruditzen zaigu eta honen guztiaren helburua da, hain justu, gazteok ditugun arazoei modu bateratuan aurre egitea, guztiok batera.

Zergatik aukeratu duzue armiarmaren eta armiarma sarearen irudia?
Egia da sareak aldarrikatzen dugun kolektibotasun hori irudikatzen duela, elkarlana. Gainera, armiarma nahiko animalia nazkagarria izan daiteke zenbaitentzat, deserosoa, gu askorentzat garen bezala. Edozein zulotxotatik sar daiteke, goraka nahiz beheraka ibil daiteke eta aldrebeskeria hori bat dator gurekin.

Zertan zabiltzate orain?
Momentuz, herriz herriko diagnostikoak osatu nahian gabiltza. Gazteek diotena euren hitzetan jaso nahi dugu, nabarmentzen dituzten kezkak zein diren identifikatzeko. Momentuz, beraz, elkarrizketa fase horretan gaude; gero ondorioak ateratzeko garaia helduko da eta aldatu nahi dugun errealitatea modu kolektiboan iraultzekoa aurrerago.

Bideoklip bat kaleratu duzue ekimenaren berri zabaltzeko.
Bai, jende pila bat jarri genuen dantzan grabaketan! Betiko formatuetatik aldenduta, zer edo zer berria atera nahi genuen. Lehenengo, 121 Krew, Norte Apatxe eta Goienetxe Anaiak euskal rap taldeek 'Imajina' abestia sortu zuten, euren gaztetasunetik etorkizuneko Euskal Herria nolakoa imajinatzen duten kantatuz. Eta gero, 'Imajina' abesti hau oinarri hartuta, bideoklipa grabatu genuen hainbat txokotan: Bilbon, Durangon, Donostian... Orain sarean zabaltzen ari gara, Marasma Saretzen ekimena bera promozionatzeko.

Fanzine bat ere argitaratu duzue.
Fanzinea herriz herri banatzen ari gara elkarrizketak egitearekin batera. Bertan biltzen dira sistema kapitalista patriarkalak dakartzan arazoak, oso bisuala da eta interpretaziorako bidea zabaltzen du, bakoitzak bere irakurketa egin dezan. Besteak beste, industria kulturalak gazteoz saltzen duen irudi desitxuratua salatzeko erabili dugu fanzinea. Izan ere, azken urteotan, gazteok bihurtu gara kontsumismoaren jomuga. Saltzen diguten askatasun faltsua ere arbuiatu nahi dugu eta errepresioa bere aldaera guztietan: kontrol soziala eta besteek esango dutenaren beldur garenez gero geuk geure buruari ezartzen diogun autozentsura ere bai. Indibidualismoarekiko kezka ere plazaratu dugu eta politika instituzionalizatuaren aurrean eguneroko jardun koherentea aldarrikatu nahi dugu gauzak aldatzeko bide eraginkor gisa. 'Egin ezazu behar duzuna'.

Zein da aipatu duzuen irudi manipulatu hori?
Hedabideetatik, publizitate kanpainetatik, politika instituzionalizatutik nahiz datu estatistikoetatik heltzen zaizkigun mezuak antzekoak dira: gazteak drogazaleak, alperrak, 'pasotak'... omen gara. Guri buruz asko hitz egiten dute besteek eta, gainera, kontsumo kulturaren jomuga garenez, hedabideetan oso presente daude gazteei zuzendutako mezuak.

Horren aurrean, Marasma Saretzen ekimenak gazteriaren beste aurpegia ikusarazi nahi du.
Bai, gazteria ameslaria eta iraultzailea ekarri nahi dugu lehen planora. Uste dugu gazteok bagarela berez errebeldeak eta inkonformistak, errealitatea aldatzeko nahia gure izaerarekin bat datorrela. Horregatik, gogo hori berreskuratu nahi dugu, azken urteetan zentzu horretan beherakada bat sumatu dugu eta.

Zeri uste duzue zor zaiola beherakada hori?
Gaur egun gazteak ez dabiltza kalean lehen bezala. Gehienak lokaletan geratzen dira edo sarean katigatuta. Kalean ez egote horrek baliteke gazte belaunaldi ezberdinen arteko lotura eta transmisioa eten izana. Horregatik, kalera itzuliko den gazterian sinesten dugu guk, bere buruarekin seguru sentitzen den gazteria horretan.

Ze asmo duzue aurrera begira?
Lehen aipatutako diagnostiko horietan josotzen diren emaitzetatik abiatuta, herriz herriko dinamikak jarri nahi ditugu martxan denon artean aterabideak bilatzeko. Izan ere, seguru aski, nik dudan arazoa nire albokoak ere izango du, eta beste baten kezketatik ere ikas dezakegu guztiok. Etxebizitzari loturiko kezkak direla, lan munduari dagozkionak, aisialdi eta kultura eredu berriak...







Marasma Saretzen ere izango da gazte mugimenduak apirilaren 22rako antolatu duen Matxinsalto Egunean



“Gazte problematikaren topografia konplexua paper txuri garbi bilakatu” nahi izan dutela salatuko du Euskal Herriko gazte mugimenduak apirilaren 22an Soraluzen.
Marasma Saretzen ekimenak ere Matxinsalto Egunean parte hartzeko deialdia luzatu du: “Matxinadarako ditugun tresnak ikusi eta esperientziak trukatuko ditugu, eremuz eremu iraultzarako lanabesak landuko ditugu: kultura, komunikazioa, aisialdia, hezkuntza, sozioekonomia, nekazaritza eta harreman ereduak eta sexualitatea”.