"Ez dakienak baleki, orduan bai ederki"

"Ez dakienak baleki, orduan bai ederki" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotez-dakienak-baleki-orduan-bai-ederkiquot/@@download/image/30p28-1_1368785581.jpg
2003/05/02
erreportajea
Jon Odriozola
"Ez dakienak baleki, orduan bai ederki"
Ez da hizkuntzalari baten gogoeta. Ezta bertsolari baten irtenaldia ere. Azterketa batean, Beasaingo Ikastolan, Zeraingo 12 urteko mutiko batek botatako erantzuna da. Horrelakoak, zenbat? Makina bat, erreportaje hau irakurri, bestela.

Zeraingo ikasleak naturako azterketako galdera guztiak zekizkien, bat izan ezik. Hala ere, hutsik utzi nahi ez, eta erantzun aparta bururatu zitzaion. Askotan gertatzen da tutik jakin ez eta betelan ariketa egitea. Boligrafoa gastatu eta garuna astindu. Eta nola, gainera!

Ohikoa da azterketa egunean "askorik" ikasi ez bada, eta irudimen aberatsa izanez gero, ezer ez esateko, hitz polit franko idaztea. Guztia, lerro ugari eta letra onez ondo apaindua, noski. Zorte apur batekin…

Ludger Mees alemaniarra da jaiotzez, baina aspalditik ari da EHUn historia irakasle lanetan. Ludgerren aburuz, "azterketetan orriak bete egiten dira, haietako asko mamirik gabe". Tarteka, lanak ere eskatu izan dizkie ikasleei, "eta plagioak izaten dira. Gertatu izan zait ikasle bati, lan bat egin zezan, artikulu bat eman eta artikulu bera ia-ia oso-osorik, aldaketa gutxi batzuekin, egin izana. Kopiatze lana, askotan, begibistakoa da, ez baitute benetako egilearen estiloa ere aldatzen!".

Bitxikeriekin jarraituz, irakasle honek makina bat pasadizo ditu kontatzeko. "Ikasle batek, behin,  bertsotan idatzi zidan azterketa. Itxuraz polita, baina, edukiz urria". Beste behin, "pertsonaia historiko baten izena eskatu nien. Batek, Napoleon jarri beharrean, Benito Lertxundi idatzi zuen! Azterketa berrikustera ere ez zen etorri, noski". Ez da harritzekoa…

Meesek dioen bezala, Euskal Herriko ikastetxeetan eta unibertsitateetan, askok, azterketa hutsik utzi beharrean, irudimenari eragiten diote. Eta askotan ikasleek sekulako hanka-sartzeak egiten dituzte, hanka-sartze barregarriak. Hona hemen zenbait harribitxi.  

Erlijioa

Xabier Letek bertso ezagun batzuetan bataiatu bezala, "Erromako Eliz Ama" haserretu egingo litzateke azterketako zenbait galderei emandako erantzunak irakurrita. Juan XXIII Aita Santuak burua altxatuko balu, nolako kopetakoa hartuko lukeen! Hona hemen zenbait adibide.

"Zer da fedea? Jainkoak apaizak ulertu ahal izateko ematen diguna". Ai, Jesus, Jesus!

"Juan Bataiatzailea, basamortuan, ezti eta ganbez elikatu zen". Itsaskiak gustuko omen zituen...

"Non bataitu zuten Jesukristo? Rio de Janeiron". Juan Bataiatzailea basamortuan ganbak jaten ari zen eta…

"Hirutasun Txit Santua Aita, Semea eta eurekin bizi den usoa dira". Erne ehiza denboraldian!

"Zein da seigarren manamendua? Ez duzu gurasoekin larrutan egingo". No comment.

Geografia

"Altsasuko hiriburua Tutera da". Surrealismo hutsa. 

"Zein da Bizkaiko hiriburua? Baiona". Eta Lapurdikoa? Sebastopol.

"Gernika Gipuzkoako herri bat da, edo Gerra Zibilean zegoen zuhaitza". Iparragirreri galdetu beharko...

"Asiako lakurik handiena Amerikako Titikaka da". Surrealismo gehiago.

"Holandan lau biztanleetako bat behia da". Horregatik al dute hain gogoko 'belarra'?

"Australia kanguruz eta orinokoz josita dagoen herria da". Zein batez bestekoetan?

"Zenbat kontinente daude? 150en bat, baina ez naiz guztietan izan. Olaberrikoa eta Oiartzungoa ezagutzen ditut. Hala ere, gaur egun, Carrefour izena dute".
Kontsumismoaren ondorio latza.

"Ebro ibaia Andoaindik pasatzen da". Eta bertan kokrodriloak daude.

Idazte borraste

"Emakumeak gizonak baino immunitate handiagoa du, astakiloagoa da eta". Zer dio honi buruz mugimendu feministak?

"Nerbio-sistemaren bizigarriak hauek dira: kafea, tabakoa eta emakumeak". Zein ordenetan?

"Bihotzaren mugimenduak: bihotza beti ari da mugitzen; hildakoetan baino ez dago geldirik".  Ez zaizu arrazoirik falta!

"Nor zen Sancho Panza? Oso gogoko zituen ardoa, emakumeak eta drogak". Parrandazale hutsa.

"Aipa itzazu nazioarteko zenbait erakunde: Boyes Kautak, polizia, suhiltzaileak, sorosleak…". Su ta Gar, Alaves, gure koadrila...

"Espainiarrei elkarrizketan aritzea irakastea haur bati oinez irakastea bezalakoa da". Bibotedun txiki horrek irakurriko balu!

"Fosilak oso aspaldiko gizonak dira". Horietakoa al da Manuel Fraga?

"Lurrikarak jendea irensten duten mugimendu latzak dira". Zein ordutan egiten ditu otorduak?

"Harrokeria neurrigabe jatearen eta edatearen ondorioa da, eta lizunkeriekin sendatzen da". Mediterraneoko dietaren osagarria al da?

"Ezti ekoizleak: La Granja San Francisco". Amatxorena!

"Esnekiak: behia eta arroz esnea". Izeba Pepirena, bai gozoa!

Animaliak

"Aipatu intsektuaren zatiak: Lau dira; in-tsek-tu-a". Eta hipopotamoarenak?

"Paludismoa SS euliaren ondorioz garatzen da". Naziek jarraitzaile asko omen zituzten, tartean euliak.

"Definitu animalia hausnarkariak: otorduetan korrok egiten dutenak". On egin!

"Azaldu zer diren lana eta energia: aulki bat hartu eta beste leku batean jarriko bagenu, hori lana litzateke. Energia, aldiz, aulkia bere kasa altxatuko balitz litzateke". Hau da, Iñaki Perurena eta David Cooperfield-en arteko nahasketa.

"Tertziario Aroak fauna zoragarria zuen, guztia munstroz betea". Spielberg-enak ere han zebiltzan...

"Azaldu zerbait itsasoko haizeaz: hezea eta lehorra da". Nongoa?

"Narrastiak uretan disolbatzen diren animaliak dira". Erne iturriko ura edaterakoan, agian kontrako eztarritik narrastiren bat joango zaizu eta.

"Hegazti harraparien begien kokapena: bat gorantz, bestea beherantz eta beste bat atzerantz". Abantaila horiekin, nola ez dira, bada, harrapariak izango?

"Moluskua: tabernetan ikusten diren animalia horiek dira, esaterako, karramarroa". Egia da; koadrilakoa dugu!

"Kabiarra zenturioien arrautzekin egiten da". Erromatar hauek bazter guztietan daude!

"Igelaren arrautzetatik kaxalote izeneko larbak irteten dira". Beste mago bat.

"Larru azala: traje hau ezean, ezin izango genituzke kolpeak jasan, eta haragia  irten ez dadin, euste lana egiten du". Aurpegikoa ere latza behar du!

"Ezagutzen al duzu lorerik gabeko landarerik? Bai". Ziur?

Historia

"Bisigodoak arrunt barbaroak ziren, eta horregatik menperatu zuten Espainia,
euskaldunak izan ezik, eurak baino barbaroagoak baitziren". Izan ere, asto kozkorrak gara!

"Zer da Gerra Hotza? Beroa ez dena. Hala ere, guda honetan, tiroz baino hotzez hil zen jende gehiena". Noski, Ipar Poloan gertatu zen eta!

"Mussolini nahiko faxista zen". Eskerrak "nahiko" faxista zen, bestela...

"Hitlerrek Espainiatik barrena Afrikara igaro nahi izan zuen, baina Francok izutu egin zuen eta ez zion utzi". Oso itsusia baitzen Franco!

Frantziako perla



Frantziako eskola batean, ondorengo galdera egin zuten azterketan: “Deskribatu animalia bat”. Hauxe da ikasle batek emandako erantzuna. Mundiala. Irakasleak, erantzuna irakurrita, barrez lehertu ziren, eta gaur egun Parisko Museo Pedagogikoan dago.

Txori bati buruz mintzatuko naiz, hontzari buruz. Hontzak, egunez, ez du tutik ere ikusten, eta gauez satorra baino itsuagoa da. Ez dakit hontzari buruz askorik; beraz, beste animalia bat aukeratu eta harekin jarraituko dut: behia. Behia ugaztuna da. Sei alde ditu: eskuinekoa, ezkerrekoa, goikoa eta behekoa. Atzealdean isatsa du, brotxa bat zintzilik duela. Brotxa hau euliak esnetara eror ez daitezen erabiltzen du. Burua adarrak atera daitezen erabiltzen du eta, gainera, ahoa ere nonbait izan behar du.

Adarrak euren artean borroka daitezen ditu. Behealdean esnea izaten du. Jetzi dezaten hornituta dago. Jezten dutenean, esnea irteten hasi eta ez da jada inoiz gelditzen. Nola moldatzen da behia? Inoiz ez dut ulertu, baina esnea gero eta oparoago ateratzen da. Behiaren senarra idia da. Idia ez da ugaztuna. Behiak ez du askorik jaten, baina jaten duena bi aldiz jaten du; beraz, badu nahikoa. Goseak dagoenean, marru egiten du eta deus ere esaten ez duenean, barrualdea belarrez toperaino duenaren  seinale. Hankak lurreraino iristen zaizkio. Behiak usaimen oso garatua du eta oso urrunetik atzeman daiteke bere usaina. Horrexegatik da hain garbia larretako airea”.