"Errespetuan, elkartasunean eta auzolanean hezitako jende masa kritikoa da gazte mugimenduaren

"Errespetuan, elkartasunean eta auzolanean hezitako jende masa kritikoa da gazte mugimenduaren https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quoterrespetuan-elkartasunean-eta-auzolanean-hezitako-jende-masa-kritikoa-da-gazte-mugimenduaren-ekarpen-nagusiaquot/@@download/image/20126142640gazt_1360606945.jpg
2012/06/08
elkarrizketa
Igone Fdez. Mariezkurrena
Segi gazte erakundeak agortutzat eman du bere burua tresna gisa. Garai berriek "molde berriak" galdatzen dituztela argudiatu dute eta "aldaketaren parte" izateko "berregokitu" beharra dagoela. "Arduraz hartutako erabaki hau" gazte mugimendua "bizirik" dagoenaren seinale dela aldarrikatu dute eta, batez ere, urte luzez "Euskal Herriaren askapen nazionalaren eta eraldaketa sozialaren defentsan egindako lana" ekarri dute gogora. Amaia Elixiri eta Txomin Catalogne bozeramaileekin izan gara, eta erabaki honen arrazoiak, ondorioak eta aurrera begirako asmoak argitu dizkigute.

2009an abiatutako barne hausnarketa baten ondoriozko erabakia da hau. Zerk bultzatu zuen berdefinizio prozesu hau?
Aipatu duzun garai hartan somatzen hasia zen 2003ko Segiren biltzarrean adostutako gazte estrategia hura topea jotzen ari zela. Sei urte iragan ziren sorreratik, gizartea eta testuingurua bera aldatzen ari ziren maila guztietan eta, beraz, argi zen moldatu beharra zegoela. Eztabaida oso autokritikoa izan zen, eta ondorio nagusi bat ekarri zuen: Segi, tresna gisa, agortuta dagoela.

Nolakoa izan da edo nola gauzatu da eztabaida hau?
Herriz herriko eta nazional mailako eztabaida izan zen, 2009an hasi eta urtebetez luzatu zena. Tartean atxiloketa saio latzak izan ziren Ipar zein Hego Euskal Herrian, besteak beste 30 lagun baino gehiago kartzelara eraman zituen sarekada handi hura; hain justu horren ostean amaitu zen hausnarketa garai hau. Epe beretsuetan Ezker Abertzaleak bere estrategia berdefinitu du, eta gu ere honetan berresten gara. Izan ere, urte luzeetan zehar, gazte antolakundeak, existitzen denetik, bere burua berregokitu du fase berri ororen aurrean; garai bakoitzak badituelako berezko proiektuak, erantzukizunak, funtzioak eta betebeharrak.

Ondorio nagusi modura Segi tresna gisa agortutzat jotzea aipatu duzue. Zergatik uste duzue hala dela?
Agorpen horren kausen artean bat azpimarratuko genuke; Segik ez ziola jada bere xede nagusiari erantzuten, alegia, ez zuela gazte problematikari erantzutea lortzen. Erakundearen eta gazteriaren artean halako amildegi bat zegoen, hainbat faktorek eragindakoa: barne antolamendua eta funtzionamendua agian ez ziren egokienak, eraso errepresiboei erantzuten ari ginen eraikitzen baino gehiago, gure jarduna robotizatu egin zen hein batean, perspektiba laburrez ari ginen... azken batean, estrategiaren helburuak bete ordez, Segi eta bere biziraupena bera bilakatu ziren helburu. Gainera, belaunaldi berriek lekukoa hartzearekin batera jabetu ginen gazteriaren joerak, jarduteko moldeak eta militantzia ulertzeko modua nabarmen aldatu direla.

Azken urteetako errepresioak existitzea bera bihurtu du helburu, eta ziur asko horretatik eratorri dira ahulguneetako asko, ala?
Errepresioak gure funtzionamenduan eragin zuzena izan du, ezin dugu ukatu, eta aipatzen genuen amildegia elikatu du. Gogoratu datua: 200 bat gazte atxilotu dituzte azken lau urteetan. Hegoaldean ilegalak izan gara, horrek gure jardun publiko eta normalizatua oztopatu du, dakartzan ondorio guztiekin. Eta Iparraldean ere, beste modu batera baina kriminalizatuak izan gara, atxiloketen bidez besteak beste. Dena den, gure irakurketa ondorengoa da: botere hegemonikoak bere burua mehatxatuta sentitzen duenean eta mehatxu horri ezin dionean beste modu batera aurre egin, errepresioa da erabiltzen duen azken-azken tresna. Hortaz, erantzun hauek estatuen ahulezia utzi dute agerian, eta, neurri batean, Segik bere funtzioa betetzea lortu duela berretsi dute, mehatxua izan garelako botere faktikoentzat. Gainera, sarekadak sarekada, ez dute sekula lortu mugimendua geldiaraztea. Beti iritsi da gazte belaunaldi berri bat lanerako prest, gazteriaren konpromisoaren erakusle, faktura latza izan den arren.

Nazional mailako aldaketa da, nahiz eta jakin Bidasoaren bi aldeetan eta probintziaz probintzia ere errealitatea oso ezberdina dela, ezta?
Segi antolakunde nazional modura sortu zen, aitzindari izan zen egituraketa molde horretan eta hamar urtez horrela funtzionatu du, izan dituen oztopo guztiekin, batzuetan harreman nazionalak erabat mugatuak izateraino, errepresioak eta ilegalizazio prozesuek ez baitute batere lagundu horretan. Baina lortu dugu, hala ere, hori gainditzea, eta nazio egituratze honek lehendabizikotz permititu digu gazte askok Euskal Herri bezala pentsatzea eta eragitea, permititu digu justuki elkar ezagutzea, eta ezagutzea baita ere gure arteko desberdintasunak. Azken batean, permititu digu ulertzea Euskal Herria bat dela, baina badirela honen baitan ezberdintasun aunitz aintzat hartzekoak, baldin eta gure problematikari erantzun nahi badiogu. Gaur egun gai gara esateko ez duela izenak egiten izana, eta filosofia behar dela, Euskal Herri bezala behar dugula pentsatu halaxe eragiteko.

Bizia duen orok ezagutzen ditu ziklo aldaketak, eta inflexio puntu hau, beste ezeren gainetik, gazte mugimendua bizirik dagoenaren sintoma dela aldarrikatu nahi duzue.
Mugimendu oro da ziklikoa; zikloak beti izaten ditu puntu gorenak eta gero behera egin behar izaten du berriz altxatzeko. Gazte antolakundeak 33 urteko ibilbide honetan autokritika erabili du tresna iraultzaile gisa eta honako hau bide horretan eman beharreko beste pauso bat da, ezinbestean. Bestela ez ginateke norabide zuzenetik joango.

Garaiak eta testuinguru politikoa aldatu direla diozue; gazteak ere bai. Nola ikusten duzue gaurko euskal gazteria? Honetaz modu kolektiboan hitz egiterik badago bederen...
Gaurko gazte jendea orain dela urte batzuk baino indibidualistagoa dela esaten da, uste zabaldua da hori; eta guk konpartitzen dugu, hein batean. Dena den, gizartea modu orokortuan ukitu duen joera da hau, ez dio modu berezian eragin gazteriari. Bestalde, era berean, ikusten ari gara mundu mailako gatazka gordinenetan gazteek hartu dutela gidaritza, gazteak izan direla altxatzen lehenak eta mantentzen dutela, hortaz, berezkoa duten izaera errebelde hori, hemen bezala beste toki batzuetan ere. Atzean geratu nahi ez badugu, berehalako erronka inportantea borrokan jarraitzeko baliabide edo molde berri horiek identifikatzea eta indartzea da, belaunaldi berrien nolakotasunarekin bat etorriko direnak, eta gure mezua ahal bezain toki ainitzenetara helaraziko dutenak.

Gazte mugimenduaren baitan belaunaldi aldaketa nabaria egon da, hortaz. Zein dira belaunaldi berriek eginiko ekarpenak?
Bai, beti izan da hala. Oraindik, agian, denbora falta zaigu aldaketa horiek nolakoak eta zenbaterainokoak izan diren baloratzeko. Nolanahi ere, argi dago lehen gailentzen zen militantzia ulertzeko modu zurrun hori, astean hainbeste orduko dedikazioa galdatzen zuena, dela gehien aldatu dena. Orain konpromiso maila desberdinak uztartzen asmatu behar dugu, bakoitzak gustuko duen horretatik lan egin dezan, ahal duena emanez. Horretaz gain, borrokaren parte humano edo pertsonala indartu dela ikusten ari gara. "Bai, X mugimenduren parte naiz, baina ni neu ere banaiz" pentsatzen eta sentitzen dugu; iraultza norberaren baitan hasten delako. Esan nahi dugu gehiago baloratzen dela borrokak gugan duen eragina ez ezik, gutako bakoitzak borroka horretan duen eragina ere.

Bitartekoak aldatuko dira agian, baina helburuak eta gazteak mugitzera eramango dituzten arrazoiak berberak dira. Ala ez?
Gazte problematika bat existitzen dela agerikoa da. Eta hain justu horri erantzunez sortu ziren bere garaian Jarrai Hegoaldean eta Gazteriak Iparraldean, eta ondoren Haika Euskal Herri mailan. Gaur egun, egia da guztia lausoagoa dela batez ere sistema kapitalistak beste gizarte talde batzuetara ere hedatu duelako gazte problematika zen hori, gazte prekarietate hori. Jendarte osoa dago orain egoera bertsuan eta bizi dugun zibilizazio krisi honek inoiz baino arrazoi gehiago ematen dizkigu kalera ateratzeko. Eta, jakina, gazteria hor dabil borrokan: udaberri arabiarretan ikusi dugu, Espainiako M-15 mugimenduan ere bai, Txileko eta Argentinako ikasleak... guztiak eredu dira eta asko daukagu elkarrengandik ikasteko. Honek guztiak frogatzen du 33 urte hauetan zehar defendatu dugun proiektu politikoak –independentzia eta sozialismoa– inoiz baino argudio gehiago dituela orain aldeko. Behin eta berriro saiatu dira sektore askotatik gure proiektu politikoa deslegitimatzen eta zaharkitutzat jotzen, globalizazio aroan lekurik ez duelakoan. Orain, ordea, berriz ere lokalera jo eta kapitalismo patriarkala ez den bestelako eredu alternatibo justu eta orekatuago bat eraikitzeak inoiz baino zentzu handiagoa du. Problematika hor dagoen artean, borrokak jarraituko du.

Izan ere, ze paper jokatzen du gazte borrokak plano globalean? Zergatik da garrantzitsua?
Gazte mugimenduek belaunaldiak elkar lotzen dituzte, masa kritikoa hezten dute eta, etengabe, jende berria lotzen dute borrokara. Errespetuan, elkartasunean eta auzolanean hezitako jende hori da gazte mugimenduak, maila globalean zein Euskal Herrian bertan, gizarteari egiten dion ekarpenik garrantzitsuena.

Eta, Euskal Herrira etorrita, gazteen esparru espezifikotik haratago, nola kokatzen duzue ziklo honen agorpena gure herriak egun bizi duen abagune politikoan?
Segi agortu da, baina Ezker Abertzaleko militante gisa jarraituko dugu lanean, estrategia berriaren baitan. Batez ere erresistentziara bideratutako fase bat amaitu eta beste aro bat dugu aurrean, parez-pare, behingoz eraikitzeko eta sortzeko. Gure etorkizuneko Euskal Herria jorratzea tokatzen zaigu, baina etorkizuna ez ezik, oraina ere bagara, eta gaurtik ekin behar dugu frantsez nahiz espainiar estatu zapaltzaileei aurre egin eta eraldaketa sozialaren baitan kritikoki jokatzen.

Legalizazioa bilakatuko da helburu?
Ez, gazteok antolatzeko dugun eskubidea bera da helburua. Argi da ezin dugula eragin ez badugu normalizazio politikorik, eta horrek berdin-berdin ukitzen ditu Ezker Abertzalearen baitako egitura guztiak. Baina, edozein gisaz, legalizazioa ez ezik, mugimendu zabal-zabala behar dugu, aunitz gazte erakarriko dituena, zeinetan bakoitzak atsemaiten ahalko duen bere tokia. Hori egiteko lehenengo eta ezinbesteko baldintza eskubide zibil eta politikoen bermea da: ilegalizazioa eta errepresio zuzena ez diren gainerako eraso guztiek ere gelditu behar dute, edozein lekutan antolatzearen eskubidea, oinarrizko eskubidea gainera, errespetatuko dela bermatu behar da, eta horrek ez dio soilik Segiri eragiten.

Beraz, pentsa dezakegu fase berri honek Ezker Abertzaleari estuki loturiko gazteak ez ezik beste batzuk ere barnebilduko dituela?
Euskal Herrian diren erronka ezberdinei abertzale eta ezkertiar bezala erantzun behar diegu noski, baina badira gai zehatz batzuk zeinetan baden aukera jende zabalagoa inplikatzeko. Militante gisa, gure rola jende horri tira egitea izango da, ez baikara mintzo soilik Ezker Abertzalearen interesez, euskal gazteriaren eta Euskal Herriaren interesez baizik.

Nolako harrera iruditzen zaizue izango duela albiste honek?
Gazteek sorpresaz hartuko dute agian, baina ez da porrot modura ulertu behar. Tresnak eginak dira erantzuteko funtzio berezi batzuei, eta tresna berriak sortu behar dira fase honen erronka bereziei egokituak. Ez gara behartuta sentitu, arduraz hartutako erabakia da. Argi geratu dadila, bestalde, errepresioak ez gaituela garaitu. Ezin dugu ukatu gure jardun publikoa baldintzatu duenik, baina ehunka gazte espetxeratu dituzten arren, ez dute sekula lortu herrietako dinamikak geldiaraztea. Hortaz, ez gaude inondik inora etsita. Bidearen zati bat amaitu da, baina borroka inondik ere ez.

Eta oraintxe kartzelan edo ihesean dauden gazteek nola hartuko dute?
Hausnarketa eta eztabaida hau eurekin ere konpartitu dugu ahal izan dugun neurrian eta, beraz, jakitun dira. Dudarik gabe, eurek gazte antolakundeari egindako ekarpenek ekarri gaituzte hona eta eramango gaituzte aitzina. Bidelagun izango ditugu, eurak ere honen parte dira.

Amaitzeko, Jarrai sortu zenez geroztik gaur arte, 33 urte hauetako bidearen balorazioa egiteko eskatuz gero...
Mugimendu guztiek bezalaxe, honek ere argiak eta ilunak izan ditu. Batzuetan hobeto eta beste batzuetan okerrago, batzuetan garaiz eta beste batzuetan beranduegi, baina beti saiatu gara geure burua berregokitzen. Hainbeste urtez iraun badu, eta iraungo du, borrokarako grina eta konpromisoa transmititu direlako da, lekukoa pasa delako, eta ederra da. Horrek gaitu hona ekartzen, aberastasun horrekin heldu gara hona. Euskal Herriaren askapen nazionalaren eta eraldaketa sozialaren defentsan gazte mugimenduak egin duen ekarpena guztietan handienetakoa da, moldeei dagokionez freskotasuna ekarri duelako eta bestelako baloreak txertatzeko ahalegina egin duelako. Guztion gogoetan geratuko dira topagune eta gazte martxa jendetsuak, mintegiak, okupazioak, ekimen zirikatzaileak, lortutako gune askeak... Borrokak ematen dituen balore kolektibo justuago horietan –elkartasuna, auzolana...– oinarritutako bizi eredu bat eraikitzen saiatu gara, arduraz aritzen ikasi dugu, eta, gainera, beste hamaika borroka ildoren eragile eta pizgarri izan da gazte mugimendua: ikasle borroka, intsumisioa, feminismoa, kultur sorkuntza molde berriak, sexu askapena... Horiek guztiak hartuta, aurrerantzean ere anbizioz jokatuko dugu gure potentzialitateaz jabeturik baldintza berriak sortzen.

Azken ekitaldia


Azken ekitaldia, agurra, Itsasun egingo dute datorren ekainaren 24ean, arratsaldeko 17:00etan.