Quentin Tarantino: Txakur zingiratua

Quentin Tarantino: Txakur zingiratua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quentin-tarantino-txakur-zingiratua/@@download/image/2009948453Quentin_Tarantino.jpg
2009/09/04
erreportajea
Zinemaren pozoiaz limurtu zuen amak mukizu bat baino ez zela. Horrexegatik jarri zion Quentin izena. Quint Asper, Burt Reynolds zangarrak Gunsmoke telesailean jokatzen zuen pertsonaia, biziki maite zuelako. 

Scorseseren kale makurrak ezagutu zituen Tarantino txikiak, baina zinema areto bakartien iluntasuna zuen nahiago. Ametsaren lilura. Amesgaiztoaren zirrara. Zeluloide taupada oldarkorren sentimendu gazi-gozoak.

Nerabezaroan abandonatu zuen eskola eta zinema areto porno batean hasi zen lanean aretozain. Ez zen Jess Franco likitsaren lizunkerietan hondoratu, ostera. Baina, beharbada, hantxe bilakatu zen fetitxista. Nesken oin biluzien gurtzaile gaixobera. Besaulki umelez aspertu zenean, Manhattan Beach-eko Video Archive bideoklub ezagunean hartu zuen aterpe. Ez zuen askorik irabazten, baina nahi adina goza zezakeen zinemaz.

Zeluloidezko tenplu hartan aurkitu zuen Ringo Lam txinatarraren City on Fire (1987) basa. Aurkitu eta plagiatu. Reservoir Dogs (1992) aparta Lamen film odoltsuaren kopia hobetua besterik ez baita. Pulp Fiction (1994) zirraragarrian, ordea, larunbat gaueko sukar kartsuan galdutako Travolta dantzari hanpurutsua ahanzturaren katakonbetatik libratu ez ezik, istorio irudimentsuak ere ehuntzeko gai zela erakutsi zuen.

Jackie Brown
(1997) gutxietsiaren ostean, sormen krisi latz batek astindu zuen, eta aktore izatera jolas egin zuen. Arrakasta barik. Dena galdua zela zirudienean, baina, Kill Bill (2004) harribitxiak zur eta lur utzi zituen kritikari zein ikusleak. Akzioa, umorea eta borroka-arteak uztartuz, zinemazale guztiak gatibatu zituen.

Uma Thurman emaztegai odoltsua bere maitasun platonikoa dela aitortu izan duen arren, beste ilehori batek kaiolatu zion bihotza. Mira Sorvino hauskorrak, hain justu. Sofia Coppolak hartu zuen segidan haren lekukoa. Eta, egun, Julie Dreyfus aktorearekin partekatzen ditu ametsak.

Nostalgiaren xarmak maitasunari iskin egiten dio zenbaitetan, ostera. Death Proof (2007) zitalean bezalaxe. Haurtzaroko zinema saio gogoangarri haien magiak bereganatzen du orduan txakur zingiratuaren arima alderraia. Bortxaz zipriztindutako fotograma odoltsuen itzalean bihotz bakarti baten arnasa suma daiteke eta. Biolentziaren olerkariaren erromantizismo ezkutua.

Tarantinoren sasikumeak

Irailean datozkigu Tarantino eta haren sasikumeak. Kontua ahuntzaren gauerdiko eztula denik ezin esan. Ez horixe! Brad Pitt, Daniel Bruhl, Eli Roth... Hitlerren aurka borrokan ari den soldadu judu talde makurra osatzen dute guztiek. Ez dute eskrupulurik. Maitasunean bezala, gerran ere dena da-eta zilegi. Baita sarraskirik gordinena ere. Bridget espia alemaniarraren konplizitatea izango dute sasikumeok euren egitekoan. Diane Kruger erakargarriaren lilura arriskutsua, alegia.

Inglourious Basterds (2009) filmak ez du Tarantinoren maisulan handien distirarik, apika. Edonola ere, Knoxvilleko jenioaren ohiko ekoizpen txundigarrien osagai guztiak biltzen ditu. Biolentzia, umorea eta bakarrizketa bitxiak abilezia handiz uztartzen ditu-eta Tarantinok film arin eta entretenigarri honetan. Mendekuaren lurrina ere usnatu daiteke nonahi. Ikatza bezain iluna den umorez tindatutako mendekua. Txakur zingiratua itzuli da. Eta ez dator bakarrik. Sasikumez inguratua baizik. Dar-dar egin ezazue, madarikatuok!