Queentettas taldearen 'Emakume musikagile estatubatuarrak' emanaldia izango da bihar Donostian
Euskadiko Orkestrak antolatutako Miramongo Matineak zikloaren bederatzigarren emanaldia izango da bihar, larunbata, goizeko hamaiketan hasita, Queentettas taldearekin. Itziar Prieto (biolina), Maialen Rezabal (biolina), Monika Mazur (biola), Beatriz Linares (biolontxeloa) eta Amaia Zipitriak (pianoa) osatzen dute taldea.
Emakume musikagile estatubatuarrak izenburupean, musika-ondare garrantzitsua utzi duten baina aintzatespen eta ospe txikia lortu duten emakume musikagile estatubatuar batzuei omenaldia egingo diete emanaldian.
Amy Beachen Pianodun kintetoa interpretatuko dute lehenik. Sinfonia bat argitaratu zuen lehen emakume estatubatuarra izan zen Beach. Egoera kontran izan arren, bere lehen sinfonia Bostoneko Orkestra Sinfonikoak estreinatu zuen 1896an. Hil ondoren bere musika ahaztu egin zuten, harik eta 1990ean emakume batzuek bere obra argitara ateratzeko borrokatu zuten arte.
Jarraian, Florence Beatrice Price konpositore, pianista, organista eta musika klasikoko irakasle afroamerikarraren pianodun kintetoa joko dute. Price konpositore sinfoniko lanetan errekonozimendua lortu zuen lehen emakume afroamerikarra izan zen. Bere lehen sinfonia ere Chicagoko Orkestra Sinfonikoak estreinatu zuen, 1933an.
Sarrerak euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan eros daitezke, hamaika eurotan. Leku librerik izanez gero, orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahal izango dira bihar bertan.
