Quauhtlemallan, zuhaitzen lurraldea

Quauhtlemallan, zuhaitzen lurraldea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quauhtlemallan-zuhaitzen-lurraldea/@@download/image/guatemala_1359471946.jpg
2013/02/04
erreportajea
Testua eta argazkiak: Aitor Cevidanes
Quauhtlemallan, zuhaitzen lurraldea
Ozeano Barearen eta Karibe itsasoaren artean dago, Erdialdeko Amerikaren iparraldean. Mexiko, Belize, Honduras eta El Salvador ditu mugakide, eta maia zibilizazioaren sorlekua da. Hona hemen Guatemala, bisitari gazte baten begietatik ikusita.


Ozeano Barea inguratzen duen Suzko Eraztunaren gainean egoteak baditu bere ondorioak. Nagusia herrialdea sumendiz josirik dagoela: 30 sumendi-tontor, orotara. Munduan halakoen dentsitate handiena duen herrialdea da, beraz, Guatemala. Tropikoko klima badute ere, toki batetik bestera alde handiak daude, eta nagusiki bi urte-sasoi bereizten dira: euritsua maiatzetik azarora, eta lehorra azarotik maiatzera.

Guatemalako biztanleen erdia maia jatorriko indigenak dira, eta beste talde nagusia mestizoek osatzen dute —indigena eta espainiarren arteko nahasketa—. Gaztelania da hizkuntza ofiziala, baina maia jatorriko 22 hizkuntza indigena ere erabiltzen dituzte: kitxea, kaktxikela, mama, pokomanma, kektxia… Katolikoak dira nagusiki, azken urteotan ebanjelikoek gorakada handia izan duten arren. Dena den, maien sinesmenek bizirik diraute oraindik eta ez da zaila nonahi topa daitezkeen tenpluetan berezko errituak ikustea.

Guatemaldarrak zoragarriak dira, beti laguntzeko prest, oso atseginak, adeitsuak eta lasaiak. Patsadaz hizketan geratzeko denbora dute beti! Adituen hitzetan, urte luzez klase menderatzailearengandik jasandako errepresio eta indarkeriaren ondorioa da hori, historikoki asko sufritu duen herria baita; gainera, oso pesimistak dira, eta ez dute ez agintari justurik ezta aberastasunik espero.

Indigenak itxiagoak eta isilagoak dira akaso, fidagaitzagoak, atzerritarrekin bereziki. 70eko hamarkadako gerra zibilean, errepresio militarraren biktima zuzenak izan ziren, eta beren senide asko nola torturatu eta akabatzen zituzten ikusi zuten, behartuta. Gertaera horiek ezin hobeto kontatzen ditu Rigoberta Menchu Nobel saridunak, bere bizitza herri oso baten historiaren isla baita.

Kontrasteak
Herrialde oso aberatsa bada ere, aberastasunaren banaketa ez proportzionalak pobretu egiten du lurraldea. Nekazaritzarako lur paregabeak dauzkate, gizartea nahiko gaztea da eta, dituzten baliabide naturalak kontuan hartuz, egoera ekonomiko hobea espero liteke, baina produkzio osoa bakan batzuek kontrolatzen dute; enpresaburuen, lurjabeen, banketxeetako nagusien, narkotrafikatzaileen, goi-mailako militarren eta Gobernuko funtzionarioen esku dago herrialdeko ekonomia eta politika. Erdialdeko Amerikako dirudun gehien pilatzen dituen lurraldea dela esaten dute, baita biztanle bakoitzeko helikoptero gehien dituena ere.

Landa eremuak dira bereziki behartsuak, baina Guatemala Hiria —hiriburua, bertakoek Guate deiturikoa—ez da atzean geratzen. Kontrastez beteriko lekua da: autobus kalamastra zaharrek ke iluna botatzen dute luxuzko kotxeen alboan, eta etxebizitza altuek itzala egiten diete etxolaz beteriko auzo zabalei. Erdialdean arkitektura kolonial eta modernodun eraikinak daude, nahastuta. Kutsatua, zikina eta arriskutsua izan arren, Guatemalako kulturaren hiriburua da eta bertan bizi dira idazle eta artista gehienak. Badu bere erakargarritasuna…

Hiri handietan segurtasun eza suma daiteke eta hiritarrak beldurtuta bizi dira. Prentsan eta telebistan uneoro ematen dute hilketa eta lapurreten berri, eta horrek ikara areagotzen du. Horregatik, denda eta negozioek, oso txikiak izan arren, armatutako pertsona bat edukitzen dute atean, hiriko autobus linea ofizialak geltoki bakoitzean segurtasun agente bana edukitzen duen bezalaxe.

Motxila bizkarrean hartuta
Guatemala autobusez zeharkatzea merkea da baldin eta Chickenbus izeneko autobus koloretsuetan bidaiatzen baduzu. Abentura zirraragarria izaten da. Turismo gidek ez dituzte gomendatzen, segurtasun arrazoiak direla medio, baina normalean ez da arazorik izaten. Herritarren garraiobidea da, eta denetarik ikus daiteke hauetan: arropa tipikodun emakume eta neskatxak barazki eta oilo artean, arto zakuak autobus gainean jarrita daramatzaten lastozko txanodun gizon zaharrak, autobusetik igo eta jaisten direnei produktuak eskaintzen dizkieten janari eta edari saltzaileak… Ez da bidaiari bakar bat ere galtzadan geratzen, beti egin baitaiteke toki gehiago, eta bi lagunentzako eserlekuetan hiru edo lau joan ohi dira, elkarri pega-pega eginda.

Modu merke eta paregabe honetan Guatemalako txoko ederrenak bisita daitezke: Ozeano Bareko hare belzdun hondartzak kokondo eta palmondo hostoz egindako teilatudun etxetxoekin; arkitektura errenazentista eta barrokodun eraikinez eta eliza suntsituz beteriko Antigua herria, sumendiak atzean dituena; Peten-Itza lakuaren erdian eta oihanez inguraturik dagoen Flores herria eta sumendi arteko Atitlan lakua; egur eta oihalezko artikulu ederrez betetako artisautza merkatuak… Liluratuta geratzeko moduko bazter ahaztezinak denak.

Sabela betetzeko
Guatemalako lur emankorretan kafea, azukre kanaberak eta artoa hazten dituzte, eta mundu osora esportatu. Lurraren banaketa ez da bidezkoa (eremu onenen %75en jabe direnen artean, soilik %1 dira bertako ekoizleak), esportaziorako monolaborantza eta antzeko irizpideak inposatzen baitituzte, eta ondorioz jornalariak esplotatu eta uzta transgenikoak jasotzen dituzte. Horrek, noski, errepresio militarrak biolentziaz isilarazten dituen nekazal mugimenduak altsarazten ditu etengabe.

Janari guatemaldarraz ari bagara, bi joera aipatu beharko genituzke: batetik, maien eraginpean, artoa, frijoleak (babarrun beltzak), patatak, ahuakateak eta txileak eramaten dituzte ahora egunero; baina, bestetik, kolonoek ekarritako ohituretatik, arroza, haragia eta barazki mota ezberdinak ere kontsumitzen dituzte. Hala ere, dietaren oinarria, dudarik gabe, tortilla da: plantxa batean egositako arto irinez egindako lamina fin eta borobila. Gosari, bazkari nahiz afaritan, modu ezberdinetan bada ere, tortillaz lagundutako jakiak hartzen dituzte, eta haiekin batera, kasu askotan, frijoleak. Egosiak, txikituak eta frijituak, saltsa moduan… dena barrura! Dena den, AEBen itzala ere oso nabaria da, batez ere hiriburuan: edonon aurki daitezke janari azkarra zerbitzatzen duten jatetxe multinazionalak.

Bizidunen artean
Bioaniztasuna oso aberatsa da. Hegazti nazionala ketzala da, kolore berde distiratsuko isats luzedun hegazti dotorea. Monetak ere izen bera du, eta banderan bertan ageri da. Zalantzarik gabe, herrialdearen ikur bilakatu da, maiek ere hegazti sakratutzat baitute, eta askatasunaren sinboloa ere bada. 250 ugaztun mota ezberdin, 600 hegazti espezie, 200 narrasti eta anfibio, eta zehaztugabeko ornogabe kopuru itzela ere bizi dira bertan, eta horien artean aipagarrienak jaguarrak, tapirrak, tximuak, iguanak, manatiak, itsas dortokak, ketzalak, guakamaioak, loroak eta tukan koloretsuak dira. Azken hauek, tximuekin eta felinoekin batera, trafiko ilegalaren biktima dira eta desagertzeko arriskuan daude.

Guatemalako zuhaitz nazionala, bestalde, Ceiba da, maien erlijioan duen garrantziagatik; zuhaitz handi eta hostotsuek zeruaren, lurraren eta inframunduaren arteko komunikazioa ahalbidetzen dutela uste baitute. Haiei esker da Guatemala, edo Quauhtlemallan —indigenen hizkuntzan—, zuhaitzen lurraldea.

Maien zibilizazioa


Maien egutegiak munduaren amaiera 2012ko abenduaren 21erako iragartzen omen zuen; gerora jakin genuen ezetz, Nikaraguan aurkitutako hieroglifikoaren interpretazioa okerra zela, eta 13 B’aktun zikloaren amaiera baino ez zela San Tomas egunekoa. Akatsak akats, aurreikuspenak maia zibilizazioa denon ahotan jartzeko balio izan du, eta haiei buruz ditugun sinesmen faltsuak argitzeko.

Izan ere, orain 4.000 urte sortutako kultura mesoamerikarra ez da sekula desagertu, ezta espainiarren kolonizazioaren ondorioz ere. Egun 6.000 maia inguru bizi dira Mexiko, Honduras, El Salvador, Belize eta Guatemalan sakabanaturik, eta gehienek haien arbasoen bizimoldeari eusten diote: nekazaritzatik bizi dira, eta sinesmen eta tradizio berberak gordetzen dituzte. Ameriketako zibilizaziorik argiena kontsideratua da, eta elikaduraren, astronomiaren, matematikaren eta arkitekturaren alorretan maisuak dira, besteren artean.