Puturru Defua: Kultura apur batek ez dizulako kalte egingo!

Puturru Defua: Kultura apur batek ez dizulako kalte egingo! Hemen duzue gure kolaboratzaile txit jakitunek hil honetako zenbakian bildutako gomendio kulturalen lagin bat! Ze herrialde bisitatu ote dugu Munduan? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/puturru-defua-kultura-apur-batek-ez-dizulako-kalte-egingo-1/@@download/image/MUNDUA_Roma-12.jpg
2017/03/27
albiste-laburra
Hemen duzue gure kolaboratzaile txit jakitunek hil honetako zenbakian bildutako gomendio kulturalen lagin bat! Ze herrialde bisitatu ote dugu Munduan?
Puturru Defua: Kultura apur batek ez dizulako kalte egingo!

Gure irakurleentzat bereziki diseinatutako atalak dira Puturru Defua eta Mundua Lehen atalean, izenak dioen moduan, onenetik onena eskaintzen diegu gue irakurleei, hau da, ona ez, puturru defua diren eduki kulturalak. Jon Pagola, Beñat Antxustegi, Maitane Legarreta eta Gaizka Izagirre dira atal honetako altxorrak gomendatzen dituzten luxuzko kolaboratzaile kultureta horietako batzuk. Hona hemen, hilabete honetako alean gomendatutako puturru defua horietako batzuk:

 

JON PAGOLA

‘Ty Segall’
Ty Segall

Donostian jo zuen azken aldian Intxaurrondo Kultur Etxea jendez gainezka zegoen, horien artean, [ejem!] Mikel Erentxun. Manipulator (2014) kaliforniarraren gailurra dela uste baduzu, honek asetuko zaitu. Steve Albini musikari eta produktorearen ukitua nabarituko duzu: kaosa, zarata, ezustekoak, pop parentesi ederrak... Ty Segall forma ezinhobean bueltatu da. 2017ko lehen maisulana.

 

GAIZKA IZAGIRRE

Legion

Super-heroi, Marvel eta asunto guzti hauetaz apur bat nazkatuta nago egia esan. Baina sortzailea Noah Hawley (Fargo telesailaren berbera) zela irakurri nuenean, buruz behera murgildu nintzen Legion ikustera. Eta baita bete-betean asmatu ere. Fikzioa, txikitatik eskizofrenia duen tipo batean zentratzen da, David Haller (X-Men unibertsoko pertsonaia bat). Urteak psikiatriko desberdinetatik sartu-irtenean ibili ostean, bizitza aldatuko dion paziente bitxi bat ezagutuko du. Lehen atal bikaina ikusi ostean –eta hau idatzia geratzen da– urteko fenomenoetako batean bilakatuko dela uste dut.

 

MAITANE LEGARRETA

111 Akademia

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 2007an sortu zuen 111 akademia, euskal literaturzaleen arteko lan eta harreman egitura sortzeko eta irakurlearen presentzia eta parte-hartzea sendotzeko. Webgunea ere badute www.111akademia.com eta bertan literaturaren inguruko hainbat eduki daude bilduta: albisteak, liburuen zerrenda, sariak, irakurleen iritziak... Honetaz gain, 111 aldizkaria ere kaleratzen dute eta laster argitaratuko da hurrengo alea.

 

ERROMA: Hiri Santu historikoaren beste istorioak

Italiako hiriburu hilezkorraren inguruko bitxikeriak ekarri dizkigu oraigoan Jon Goikouriak. Besteak beste, kafearekin kontuan izan beharreko hainbat kontu aipatu dizkigu. Kafea Italiako edari tipikoa bada ere, hona hemen kafeinomanoek kontuan izan beharko luketen gauza bat: bazkalostean ez da kaferik hartzen, goizean zehar bakarrik. Beraz, kafezale amorratua bazara, hobe duzu kafez betetako termotxo bat eramatea. Horrela ez zaituzte gidaliburuko atzerritartzat hartuko. Egin kasu.