'Puta zikinak' liburuaren aurkezpena egingo dute gaur Iruñean
Katakrak argitaletxeak kaleratutako Puta zikinak. Sexu-langileen eskubideen aldeko borroka liburua aurkeztuko dute gaur Iruñeko Karrikiri Elkartean, 19:30ean. Amaia Astobiza Iriarte itzultzailea izango da bertan, eta Nerea Fillat izango du alboan, aurkezle lanetan.
Honela azaldu dute liburuaren abiapuntua: "Prostituzioak adiera ugari ditu, eta sakoneko emozioak azaleratzen ditu. Batez ere, inoiz sexurik saldu ez dutenei gertatzen zaie hori, sexu-salmenta modu sinbolikoan ulertzen dutenei. Prostituzioaren ideiak imanak bezala erakartzen ditu lanari, maskulinitateari, klaseari eta gorputzei buruzko galderak; gaiztakeria arketipikoari eta zigorrari buruzkoak; nork 'merezi' duen zer; zer esan nahi duen komunitate batean bizitzeak; zer esan nahi duen norbait komunitate horren mugetatik at bidaltzeak. Prostituzioarekiko jarrerek lotura handia izan dute beti arrazarekin, mugekin, migrazioarekin eta nazio-identitatearekin, batzuetan ageriki, maiz ezkutuan. Sexu-lana ganbera korazatu bat da, non gizarteak bere beldur eta kezkarik larrienak gordetzen baititu".
Juno Mac eta Molly Smith liburuaren egileak Eskoziako sexu-langileak eta Sex Worker Advocacy and Resistence Movement-eko (SWARM) militanteak dira. Ikasketak bukatu zituzten garaian, beren burua feminismo liberalean kokatzen zuten. Mac urtebetez aritu zen lanean aldizkari batean, egunean 30 liberaren truke. Smithek kafetegi batean lan egiten zuen. Sexu-langileen mugimenduan hasi eta formazio politikoa landu ahala, beren burua komunismoarekin identifikatzen hasi ziren.
