PuntuEus elkartea

PuntuEus elkartea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/puntueus-elkartea/@@download/image/puntueus_1362746069.jpg
2009/04/03
erreportajea
Gorka Julio
PuntuEus elkartea
Eus domeinua eskuratzeko helburuarekin sortu da PuntuEus elkartea (http://puntueus.org). Elkarte honen iritziz, euskarak eta euskal kulturak zigilu propioa behar dute Interneten; Izena eta izana mundura zabalduko dituen ikurra, alegia. 

Eskaria ICANN erakundeari
Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen (EEKK) ordezkari gisa, PuntuEus Elkarteak .eus domeinua baimentzeko eskaria aurkeztuko du ICANNen (Internet Corporation for Assigned Names and Numbers. Izen eta Zenbakien Esleipenerako Interneteko Korporazioa). Hain justu, internet eta komunikazio arloko hamaika erakunde garrantzitsuren eskutik, helburu horrekin sortu zen EEKK iazko apirilaren 2an. Bultzatzaileen artean Euskaltzaindia (http://euskaltzaindia.net), Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa (http://ikastola.net) eta Euskal Irrati Telebista (http://eitb.com) daude. EEKKko kideek aiurrerantzean elkarteko partaideak ugaritzen joatea espero dute. .eus domeinua:

Zergatik eta zertarako

PuntuEus elkartearen mezua garbia da: .eus ikurra oso tresna baliagarria izango da euskara eta euskal kultura interneten sustatzeko, eta hori horrela, .eus domeinua euskararen normalkuntzarako tresna gisa ulertzen dute. .eus domeinuak interneteko beste hizkuntzen parean kokatuko luke euskara.

Komunitatea gara

Egitasmoa gauzatzeko, interneten euskarazko komunitate hori badela eta bizirik dagoela ziurtatu behar da. Guretzat, begisbitakoa da euskarazko komunitate hori badagoela, baina hori ez da nahikoa ICANNk PuntuEus elkartearen eskaera ontzat eman dezan. Hala, PuntuEus-ek euskal komunitatea osatzen duten erakunde, zerbitzu eta abarren helbideak jaso ditu bere webgunean (http://www.puntueus.org). Hala ere, ahalegina biderkatu beharra dago. Hona hemen euskal komunitatearen presentzia handitzeko ideiak:

1. Euskarazko softwarea erabili. Nabigatzaileei dagokienean, batez ere.
2. Euskarazko zerbitzuak erabili eta ezagutarazi.
3. Software librea erabili, librea izanik, euskaraz erabil dezakegu eta.
4. Interneterako sortutako euskarazko edukiak libre egin. Jende gehiagok eta azkarrago berrerabiltzeko aukera eman.
5. Atxikimendua eman: http://www.puntueus.org/eu/atxikimenduak/
6. Gomendio hauek betetzen saiatu eta ingurukoen artean zabaldu. .eus domeinua errealitate bihurtzea guztion esku dago, saiatuko gara?

HARRITU GAITU


eGela (http://www.egela. aek.org/):
zeharo harritu gaitu EGA azterketa prestatzeko doako gunea sortu dutela ikusteak. AEKk, Euskaljakintzak eta EHUko iKidek elkarlanean sortu dute eGela. 

KATXONDOENA


Maite zaitut Miren Azkarate (http://maitezaitutmirenazkarate.com):
Ze esatek! musika taldeak udako abestia izateko osagai guztiak dituen abesti martxosoa kaleratu du, Miren Azkarate nagusi duen kultura sailburuordetzak Kepa Junkerari emandako 700.000 euroak hizpide hartuta. Abestiaren harira, Azkarateri amodio mezuak uzteko ataria aurkeztu zuten. Katxondoa bada, behintzat!

INFORMAZIO BILA



Intsumisioa.com (http://intsumisioa.com):
intsumisioaren aldeko mugimenduak hogeigarren urteurrena bete du aurten. Hori dela eta, mugimendu haren protagonistetako batzuek euren isorioak kontatu nahi dizkigute. Horretarako, blog eta wiki bana zabaldu dituzte intsumisioa.com domeinupean.