Punk eztandak 25 urte: God save the Lehendakari

Punk eztandak 25 urte: God save the Lehendakari https://www.gaztezulo.eus/albisteak/punk-eztandak-25-urte-god-save-the-lehendakari/@@download/image/16-p30.PunkRip.jpg
2002/02/01
erreportajea
Ingalaterran punk eztanda 77an gertatu zen arren, Euskal Herrian 80ko hamarkada hasieran lehertu zen mugimendua. Hona hemen, urte ero haiek gertutik bizi izan zituen lekuko anonimo batek lehen pertsonan idatzitako kronika. 

70eko hamarkada bukaeran eta 80ko hasieran, prentsa artikulu gehienek behin eta be-rriro astintzen zuten punk mugimendu be-rria. Gutxitan irakur zitekeen istiluren batetin zerikusirik ez zuen artikulurik. Garai hartako "aurrerakoienek" ere behin eta berriz ohartarazten gintuzten punk-aren gaiztakeriaz.

Hauxe zioen, 1980an, "Renovación" aldizkari sozialistak: "Ingalaterratik exportatutako moda berri batek itsasoa zeharkatu du gazteriari burua jateko. Azken modak "punk rock" izena du. "Punk" izatea txikia izatea da, zaborra, edo besterik gabe, makarra hutsa. Kiratsa darion prentsarik sentsazionalistena produktu berri  hau lau haizetara zabaltzen ari da, gure subkoszientea "punk, punk, punk" leloaz mailukatuz. Guk "aski da!" diogu. Ez ditugu halako kartoi itxuraz apainduta datozen mugimendu iraultzaile gehiago nahi".

Garai hartako prentsak behin eta berriro tirokatu zituen punkiak. Dena den, jokaldia ez zitzaien ongi atera; izan ere, kritika garratz haiek jendeak bere pentsamendua berrestea lor-tu zuten. Ordurako mobida zabaltzen hasia zen pixkanaka, eta zenbait jende arduratsu mugimendua aurrera atera nahian. Norbaitek manipulatu gintuztela uste badu, erabat erratua dago. Bi urtetan mugimenduarenak egingo zuela iragarri zutenek kale egin zuten, eta gainera, ez zituzten beren iragarpen oker haiek sekula zuzendu. Izan ere, 80ko hamarkada hasieran punk-a oso osasuntsu zegoen Euskal Herrian.

Lehen kontzertu haiek         

Lehen kontzertuak benetan sinestezinak izan ziren. Mugimenduan ez zegoen jende askorik, baina zeudenek gogo izugarria zuten inguruko panorama aspergarria suspertzeko. Aldi berean, mugimendu lokal txikiak sortzen hasi ziren Euskal Herriko zenbait tokitan: Errenteria, Arrasate, Aretxabaleta, Donostia, Eskoriatza, Gasteiz, Lasarte, Irun, Barakaldo, Zarautz, Bilbo, Ezker Ibarra…

Punka gertakari erabat berria zen, eta bertan gehienbat gazte jendea ari zenez, musikari dagokionez, esperientzia gutxi zegoen. Dena den, hamaika talde sortu ziren, hasieran beren soinua definitzeke zegoen arren. Talde horietako batzuk izena hartzen hasi ziren: Rip, La Polla Records, Hertzainak, Basura, Odio, M.C.D., Eskorbuto, Cicatriz eta Vulpes…

Beste hainbat taldek, berriz, lehen kontzertu haiek animatu zituzten, edota, besterik gabe, egun ero haietako proiektu soil izan ziren: Alarma, Doble Cero, Optalidon, Muñecas de Acero, Seccion Mortuoria, Cirrosis, Naska, Neo-punk, Colza, Ejercito de Salvacion, No, Indeseables, Pabellon Negro, Kaos, Sifilis, La Hijas de la Cloaca, Desorden, Desastre, Nacional 634, Tercera Generacion, Corrupcion, V-2, Tension, Kontuz-Hi, Ladillas…

Borroka latzak

Garai hartan oso disketxe gutxi zegoen Euskal Herrian, eta haietatik, bakar batek ere ez zuen interesik punk mugimenduan. Taldeek oso bitarteko gutxirekin –baina borondate handiz, hori bai- grabatutako maketak besterik ezin ziren eskuratu. Kontzertuen grabazioak ere eskuz esku ibili ohi ziren. Hala ere, zenbait areto eta irratsaio zinta horiek jartzen hasi ziren, eta kantu batzuk "hit" txikiak bihurtu ziren punk koadrilaren artean.

Kronika hau askoz alaiagoa izan zitekeen. Baina, han eta hemen, "punk dibertigarria" –nolabait esatearren— egiten zuten taldeak sortu zi-ren. Erantzun bezala, talde ba-tzuek kontrako norabidea hartu zu-ten, eta nagusiki "teddy" eta "popi" mobidetako jendea bihurtu zen haien erasoen jopuntua. Azkenean, borroka basatia egon zen "modernoen" eta bestelako lirdingatsuen kontra. Zergatik? Guzti haiek zaharkitutzat eta konpromiso gutxiko jende aspergarritzat joak zirelako. Era berean, Madrildik zetorren guztiaren imitatzaile handiustetzat jotzen ziren (Madrilgo "Nueva Ola" izeneko mobidak hemengo ere leku askotan ere eragina izan zuen).   

Errenteriako Basura taldeko Beni abeslariak hauxe zioen auziari buruz 1983ko "Muskaria" aldizkarian: "benetako punk taldeei ate guztiak ixten zaizkie Espainian. Zerbait grabatzeko dibertigarria izan behar duzu, eta txorakeriak abestu. Musika kalera ateratzea da benetan egin beharrekoa. Ikusten duzuna islatu ezazu zure musikan, eta ez dizute sekula ezer grabatuko. Guk, Basura-k, kaleko ildoa jarraitzen dugu, eta horregatik dugu hain aukera gutxi. Dena den, benetakoak izango gara, ez dugu afterpunk dei diezaguten utziko, Siniestro Total taldearekin gertatzen den bezala. Punk-a ez da dibertsioa; oldarkortasuna eta borroka baizik".

Non dago altxor hura?

Punkaren altxorra garai hura bizi izan zuen jendearen oroimenean dago, eta baita orduko fanzine eta aldizkarietan ere. Lehen aipatu musika talde haien grabazio gutxi gorde da. Zerbait egon daiteke garai hartan irrati batzuek egindako programen zintetan… Horrez gain, musika talde haien topagune izandako aretoak nabarmendu beharko lirateke: Errenteriako "Apolo", "Saioa" eta "Happy Day"; Donostiako "El huerto", Bilboko "El Garaje"… denak desagertuta daude jada.

Prentsari dagokionez, 1980ko urtarrilean jaiotako "Muskaria" izan zen taldeak lagundu zituen aldizkari bakarra. Ez zegoen punk mugimenduaz informatu nahi zuen beste aldizkaririk. Era berean, estatu espainiar mailako garai hartako aldizkariek, euskal taldeak albo batera uzten zituzten beti punk-az ari zirenean. Dena den, jendeak taldeak nonahi jarraitzen zituen.

Errepresio latza  

Errepresioa latza zen garai hartan. Gure aurreko belaunaldiarengandik, amorrua nolabait transmititu beharra zegoela ikasi genuen, eta gure kasuan, nagusiki musikaren bitartez. Anaia-arreba zaharrengandik jaialdi eta galeusken kultura barneratu genuen, beti bortizki jazarriak izaten ziren lehen manifestazio haien ispiritua. Cristo Rey-ren gerrilari faxistengandik defendatu beharra zegoela ikasi genuen. Eta defendatzea suertatu zitzaigun, jakina!

Horrez gain, Espainiako poliziaren, udaltzainen eta Guardia Zibilaren sarekada anitz jasan genituen. Kontzertu egunetan kontrolak izaten ziren errepideetan. Urte batzuk geroago dirudiena baino askoz gogorragoa zen dena. Hala ere, garai hura bizi izan genuen askok bat egingo genuke ondorengoa baieztatzerakoan: mugimendua suspertzen eta gogortzen joan zen aldi berean.

Lehen fanzineak
Garai hartan, lehen fanzineak sortu ziren. 1980ko azaroan "Alguien te esta mirando" fanzinea jaio zen Donostian. Fanzine hark 1981-1987 bitartean iraun zuen "Destruye!!!" mitikoari utzi zion lekua. Ondoren etorri ziren "Unica alternativa" (Errenteria, 1982) eta "Brigada criminal" (Zarautz, 1983). Egia da lehendik ere beste fanzine batzuk zeudela, baina honakoak punkiek punkientzako idatzitakoak ziren.

1983-84an fanzine eta talde uholde berria sortu zen. Musika taldeen artean, gerora izen handia hartutako olatu berria jaio zen: Anti Regimen, Vomito Social, Kortatu, Baldin Bada, Bap, Ximorra, Eskoria-tza, Vioch-R, Ultimatum, Porkeria T, Subversion… Taldeok bitarteko egokiagoak eta azpiegitura hobeak izan zituzten punk hazia ereiteko.

Honela, lehen diskoak grabatu ziren. Eskorbuto eta La Polla Records-en singleak izan ziren kaleratzen lehenak, 1983an. Urtebete beranduago, Rip eta Eskorbuto taldeen "Zona especial norte" maxia argitaratu zen. Kasu gehienetan, dena den, 80ko harmarkada hasierako punk talde erakusgarrienak ezer grabatu gabe geratu ziren. Azpimarratzekoa da, halaber, 1984-85era arte itxaron behar izen zela euskarazko lehen kantuak entzuteko. Izan ere, hasierako talde haiek gaztelaniaz abestu ohi zuten, sarri taldekide bat baino gehiago euskalduna izan arren.

Eskorbuto taldeko Josu-k hauxe zioen 1983an "Brigada Criminal" fanzinean egindako elkarrizketan: "Juanma eta biok jatorrizko eta benetako Eskorbuto gara. Gurea punk politikoa da, punk ustela, mugarik gabeko punka, gizartea deitutako urdanga horrek arbuiatzen duen punka. Gure etsai nagusia polizia da, egunean hiru bat aldiz geratzen gaituzte, hori da batez bestekoa. Arazo asko ditugu, eta badakigu aurrerantzean askoz gehiago izango ditugula".  

Eta horrela, gaur egunera arte. Izan ere, punkaren idealek bizirik diraute, eta hasierako talde aitzindarietako batzuek gogor darraite hogei urte igaro ondoren.

Punk eztanda nazioartean