Public Enemy: errimak eta jarrera

Public Enemy: errimak eta jarrera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/public-enemy-errimak-eta-jarrera/@@download/image/11p11-2.jpg
2001/09/07
erreportajea
Asier Leoz
Public Enemy itzuli dira. Bill Clintonek berak bulegoa Harlem auzoan duenean, "Fight the power" sutsuaren egileak bueltan dira, "Disko Beltza" izeneko lanarekin. 

Sex Pistols beltzak ala beltzen CNN-a?
Public Enemy "Sex Pistols beltzak" deitu izan dituzte, abesti bortitzak egiten dituztela eta. Dena den, edukian aldea egon badago: Rotten-en mutilena karkaxa bat bezalakoa zen bitartean, Public Enemy-k mobilizazioa eskatzen zuen, gizarte zuriak inposatutako egituren aurka egitea, horretarako hitzaren indarra erabiliaz. Chuck D-k duela gutxi esan duenez, Public Enemy afroamerikar guztien CNN-a izan da, ideia zabaltzeko tresna.

Zuriaren zerua / Beltzaren infernua

Lehen sei urteetan (1986-1991), Public Enemy-koek danbateko bat bestearen atzetik eman zuten. Sanplerrez baliatuta, James Brown-en eta jazz klasiko beltzen berotasuna trebeziarekin sartzen zuten euren erritmo/errima festan. Baina batez ere hitzetan zegoen mamia, ghettoen diskriminazioa salatuz ("911 is a joke"), gobernuak alkohola gazteak etsita eta elkarren artean haserre izateko erabiltzen zuela esanez ("One million bottlebags"), gazteei haietaz arduratzen ez den gobernuaren armadari uko egitera dei eginez ("Black steel in the hour of chaos")… boterea borrokatu beharra zegoen, finean ("Fight the power"). Azken honekin lotuta, Spike Lee-ren "Do the right thing" filma ikustea P.E. garai eta ingurugiro zehatzean kokatzeko biderik onena izan daiteke.

Esan ozenki:"Beltza naiz eta harro nago"

Public Enemy armak izatearen aurkakoa da. Martin Luther King-ek  esandakoaren ildotik, beraien arma ezagupena izan da, gazte beltzek, euren herriaren historia ikasita, ondorioak atera ditzaten. Public Enemy benetako indar sozial bihurtu zen denbora gutxian. Gaur egun gauza jakina da, adibidez, CIA bera taldea suntsitu nahian ibili zela, gazte beltzen artean eragin handia zuen eta.

"The Black Album, Public Enemy 2001"

Dirudienez, EEBBetako presidente berriak laster jasoko du Public Enemy-ren "ongi etorria". Taldea Atlantan ari da zortzigarren lana egiten, "The Black Album" izenekoa, eta bertan "Son of a bush" izeneko abestia estreinatuko dute, hau da, "sastraka baten semea".

Gauza guztiek bezala, P.E.-k urrezko garaia izan zuen. 94an, berriz, maldan behera hasi ziren. Dena den, perkusio-baxu joko basati horiek entzutea beti izango da esperientzia berezia, Chuck D-k eta Flavor Flav-ek neurtutako esaldiak aurpegian sentitzen dituzun bitartean. Bass for your face.