Public Enemy

Public Enemy https://www.gaztezulo.eus/albisteak/public-enemy-2/@@download/image/67p13-1_1365168233.jpg
2006/10/06
erreportajea
Julen Azpitarte
Public Enemy
Urriaren 7an Bilbao Urban Musikaldia (BUM) egingo dute Bilboko Vista Alegre zezen-plazan. Hip-hopa eta hiri kultura dira jaialdiaren ardatzak, eta Public Enemy mitikoak izango dira bertako izar nagusiak.

The Black Sex Pistols ezizenez ezaguna den Public Enemy hip hop taldeak, musika beltza irauli zuen 80ko hamarkadan. Bere errima borrokalariekin, gizarte aktibismoarekin, eta jarrera iraultzailearekin, hip hop estiloa erabat politizatu, eta komunitate afroamerikarraren kontzientzia astindu zuten.

New Yorkekoek "Rebirth of a Nation" disko berria aurkeztuko dute Bilbon, baina "It Takes a Nation of Millions to Hold Us Back" (1988) eta "Fear of a Black Planet" (1990) disko klasikoetako kantuak ere joko dituzte. Izan ere, aipatu bi diskoak eta lehendabizikoa, "Yo! Bum Rush the Show (1987), ezinbestekoak dira egungo hiri-musika eta kultura ulertzeko.

Carlton Ridenhour (Chuck D), diseinu grafiko ikasleak, 1982an sortu zuen Public Enemy, Hank Shocklee eta Bill Stephenyrekin batera. Hirurek biziki maite zuten hip-hopa, baina kezka politiko handiak zituzten. Hala "Public  Enemy nº 1" izeneko maketa grabatu zuten.

Maketa hura Rick Rubinengana heldu zen, Def Jam zigiluko arduradun eta sona handiko ekoizlearen belarrietara, eta, berehala, fitxatu egin zituen. Laguntza harekin, Chuck Dk AEBetako hip hop eszenaren oinarriak dar-dar jarri zituen taldea garatu zuen: Shocklee ekoizlea, Stephany publizista, Terminator X disko jartzailea, William Drayton (Flavor Flav) rappera eta Professor Griff, The Security of The Frist World izeneko dantzari taldearen koreografoa.

1987an, arestian aipaturiko lehendabiziko lana etorri zen, eta, ondoren, klasikoz jositako diskografia luze eta interesgarria. Bilbon Chuck D, Profesor Griff, Flavor Flav y DJ Lord taldekideak izango dira.

Qbert eta Tote King

Public Enemy taldeaz gain, Qbert eta Jazzy Jeff izango dira BUM jaialdiko beste izar handi kontsagratuak. Qbert maisua da musika-platerekin, eta zurrumurruen arabera, "estralurtarrekin hitz egiteko gauza den disko jartzailea bakarra" da. Jazzy Jeff, ordea, Philadelphiako soul musikari eta ekoizle ospetsua da. Will Smith aktore estatubatuarraren lagun-mina zen "Fresh Prince of Bell Air" telesailean.

Espainiako hip-hop eszenako zenbait ordezkari ere izango dira Bilbon. Tote King da horietako bat, "Un Tipo Cualquiera" diskoa aurkeztera datorrena. La Excepción taldea ere disko berriarekin helduko zaigu. Hitzordua: urriak 7, Bilbon. Arratsaldeko 17:00etan. Sarrerak 25 euro balio ditu.