Ptazeta, Maren, Ezpalak, Dupla, eta Motxila 21 ere 'Zeinen Ederra Izango Den Fest'-en izango dira

Ptazeta, Maren, Ezpalak, Dupla, eta Motxila 21 ere 'Zeinen Ederra Izango Den Fest'-en izango dira Apirilaren 2an BEC-en izango den jaialdian arituko dira aurretik jakinarazitako Zetak, Tanxugeuiras, Gatibu, Anne Lukin, ETS eta beste hainbatekin batera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ptazeta-maren-ezpalak-dupla-eta-motxila-21-ere-zeinen-ederra-izango-den-fest-jaialdian-izango-dira/@@download/image/moztuta zeinen ederra.jpg
2022/03/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Apirilaren 2an BEC-en izango den jaialdian arituko dira aurretik jakinarazitako Zetak, Tanxugeuiras, Gatibu, Anne Lukin, ETS eta beste hainbatekin batera.
Ptazeta, Maren, Ezpalak, Dupla, eta Motxila 21 ere 'Zeinen Ederra Izango Den Fest'-en izango dira

Zeinen Ederra Izango Den Festek behin betiko kartela itxi du eta azken zazpi bakarlari edo talde hauen parte-hartzea iragarri du: Ptazeta, Ezpalak, Dupla, Bengo, Lildami, Motxila 21 eta Maren. Musika urbanoa, rocka eta popa ekarriko dituzte jaialdira batu diren artistek. Ptazeta rap artista kanariarra azken bolada honetan biral bihurtu da, besteak beste, Mami edoTrakatá abesti eta rap munduko artista ospetsuekin egindako kolaborazioei esker, milaka entzunaldi baino gehiago lortu baitituzte hainbat musika plataformatan. Motxila 21, berriz, Nafarroako Downen Sindromea Elkarteko gazteek osatutako taldea da. Maren abeslari bilbotarra ere, gaztea izanagatik, ibilbidea urratzen ari da musika munduan, eta Odeon sarietan artista berri onenaren izendapena jaso du.

Azken zazpi iragarpenek, aurretik jakinarazitako musika taldeekin partekatuko dute oholtza apirilaren 2an BEC-en: Tanxugueiras, Zetak, Zoo, Gatibu, Iseo & Dodosound, Los Chikos del Maiz, Maria Arnal & Marcel Bages, Sua, Luna Ki, Adrianna Gaultier, Ene Kantak, Anne Lukin eta ETS. 

Denona eta denontzat
Zeinen Ederra Izango den Fest "gizarte osoarentzako jaialdia" dela nabarmendu dute antolatzaileek, "guztiok elkarrekin lan egiten dugunean zer egiteko gai garen erakusten duena". Honela azaldu dute jaialdiaren muina: "Musika gure jendearekin elkartzeko aitzakia izango da, guztiok esperientzia bakar eta paregabeaz gozatuko dugun lekua. Baikortasun eta zoriontasun uneak inspiratu eta kolektibitatea, osotasuna, pasioa, baikortasuna, dibertsioa eta aniztasuna sustatu nahi ditu. Izan ere, Zeinen Ederra Izango Den abestia euskal gizartearentzat ereserki bihurtu da abestiak berak aldarrikatzen duen bezala, maite ditugun pertsonekin bizitzaz gozatzera bultzatzen gaituelako. Beraz, jaialdi honetan benetan garrantzitsuena denona eta denontzat izatea da, izan ere, COVID-19 birusa bezala, ZEID FEST generoak, adinak, herrialdeak, klase sozialak edo arrazak ulertzen ez dituen jaialdia da".

Jaialdiaren arduradunek ekitaldia urteroko hitzordu bihurtu nahi dute; "jendea ohitu dadila apirileko lehen larunbat guztietan lagunekin hitzordu bat izatera, Whatsapp talde osoa batzen duen jaialdia bezalakoa. Galdu ezineko zerbait". Era berean antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiote euskal gizarteari, "historia honen parte izateagatik, eta batez ere herri honi, txikia izan arren honelako gauza handiak egiteko gai den herria izateagatik". 

Autobus zerbitzua
Jaialdira joateko autobus zerbitzua jarriko dute Iruñea, Donostia, Gasteiz, Irun, Altsasu, Lizarra, Tafalla, Eibar, Zarautz, Baiona, Biarritz, Hendaia, Errenteria, Azpeitia, Tolosa, Beasain, Arrasate, Durango, Gernika eta Zornotzatik. Itzulera jaialdia amaitu eta hogeita hamar minutura izango da. Horrez gain, egun osoan zehar, Gazteako DJek girotutako gune bat izango da kanpoan. Bertan, indarrak berritzeko, foodtruck-ak egongo dira.