Proiekturen bat duzu esku artean? Eman izena Hirikilabsen

Hirikilabs Plaza proiektu irekien deialdian edonork parte hartu dezake; teknologia edo/eta kultura digitalarekin zer ikusia duen proiektu proposamen bat baduzu, Hirikilabsen gauzatu dezakezu beste pertsonekin batera. Deialdi honen filosofia kultura librea, diseinu irekia eta ezagutza partekatua sustatzean datza.
Hirikilabs Plazan garatzen diren proiektuak elkarren artean oso desberdinak dira, baina guztiak teknologiaren erabilera sortzailea, kritikoa eta soziala hartzen dute oinarri. Teknologiaren erabilera berriak esperimentatzea, euskarri berriak saiatzea, prozesuak aldatzea eta erraztea, eskuragarriak bihurtzea edo egunerokotasunean erabili daitezkeen teknologien bilaketa dute helburu.
Hirikilabs Plazan garatzen diren proiektuei ezartzen zaien baldintza bakarra proiektua bera irekitzea da, besteekin partekatzea eta lortutako emaitzak lantegi, hitzaldi edo internet bidez ikusgarriak egitea da, hau da, blog edo webgune baten bidez azalduz, tutorialak sortuz edo lizentzia irekia duten artxibategi digitalak partekatuz.
2018ko otsailean hasiko den prozesurako proiektuak aurkezteko epemuga 2018ko otsailaren 2a da. Laborategiaren aukerak aintzat hartuta, aldez aurretiko aukeraketa bat egingo dute eta otsailaren 22an Proiektu Irekien Aurkezpen Publikoan komunean jarriko dituzte. Aurkezpen publikoan aukeratutako proiektuetan lanean hasiko dira data horretatik aurrera.
Nori zuzenduta dago?
Ez da beharrezkoa ezagutza jakin batzuk izatea aldez aurretik, bai ordea ikasteko grina eta jarrera irekia izatea. Proiektu bat aurkezteko, bete ondoko formularioa: Hirikilabs Plaza-Proiektu Irekien Deialdia.