Produktu ekologikoak bereizteko gida

Produktu ekologikoak bereizteko gida Jasangarria, beganoa, animaliekiko krudeltasun eza, naturala... produktuen etiketekin zoratuta? Jarraian argibide batzuk! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/produktu-ekologikoak-bereizteko-gida/@@download/image/ecologic-1.jpg
2019/04/16
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Jasangarria, beganoa, animaliekiko krudeltasun eza, naturala... produktuen etiketekin zoratuta? Jarraian argibide batzuk!
Produktu ekologikoak bereizteko gida

Goizean goiz jaikitzetik gauean oheratzeraino, hamaika produktu kosmetiko erabiltzen ditugu; hortzetakoa, kolonia, desodorantea, xanpua edota xaboia, kremak... baina, ezagutzen al dugu produktu horien konposizioa? Edota ekoizte prozesua? Egun, geroz eta arduratuago bizi gara kontsumitzen dugunaren inguruan, eta gure kezka moralari etekina ateratzeko ahaleginean, enpresa askok mezu lausoak edota gezurtiak igortzen dizkigute. Artikulu honen bitartez, etiketa nahasgarri horien inguruan argi pixkat eskainiko dizuegu:

  • 'TOXIC FREE'-TOXIKORIK GABE: Ez fidatu etiketa hau duten produktuez. Hain zuzen toxikorik gabeko produktu bat saltzen dutela adieraztean, iradokitzen dutena da gainerako produktuak toxikoak direla, eta ez da hala. Zientzialarien esanetan, etiketa honek existitzen ez den alarma bat pizten du, produktu kosmetikoetan elementu toxikoak erabiltzea debekatua eta legez mugatua dagoelako. 
  • PARABENORIK GABE: Hau esatea nahiko erredundantea eta hutsala da. Arrazoia? Europako Batasunak aspalditik debekatu zituen parabenoak (2003an), disruptore hormonalak direlako, eta beraz, hainbat gaixotasun eragin ditzaketelako. 
  • 'CRUELTY FREE'-ANIMALIEKIKO KRUDELTASUN EZA: Hau ere, erredundantea da, Europako Batasunak 2013an debekatu zuelako animaliekiko krudeltasuna kosmetiko guztien ekoizpenean. Eta Europatik kanpo, Txinako produktu guztietan ere erabat debekatuta dago animaliekin probak egitea. Beste kontu bat dira farmakoak eta garbiketa produktuak; hauetan bai, zoritxarrez, oraindik animaliekin egiten dira probak. Beraz, halako produktuetan etiketa hau bilatzeak badu zentzua. 
  • INGURUGIROARENTZAT JASANGARRIAK: Ezaugarri hau etiketa batean laburbiltzea zaila da; zer da ingurugiroarentzat jasangarria? Benetan produktu jasangarriak erosi nahi badituzu, garrantzitsuena ekoizpena ahalik eta gertuen egina izatea da, hau da 0 kilometroko produktuak aukeratzea. 
  • BEGANOA: Produktu beganoak ez dute zertan animaliekiko krudeltasun ezekoak izan, eta alderantziz. Hau da ezberdintasuna:
    • Beganoa: Animalietatik ateratako osagaiak erabiltzen ez dituztela esan nahi du, hala nola, botina, kolagenoa, argizaria, L-Zisteina, glizerina, keratina edota karmina (kotxinila). Hauek soilik erabilienetako batzuk dira.
    • Animaliekiko krudeltasun eza: Goian aipatu bezala, ez dituzte animaliak erabili produktuak probatzeko, baina beharbada bai ekoizteko.
  • EKO-BIO-ORGANIKO: Zein da ezberdintasuna? Ez dago, sinonimoak dira, teorian behintzat. Produktu ekologikoak, organikoak zein biologikoak pestizidarik edota naturala ez den bestelako elementurik erabili gabe ekoitzitakoak dira. Hori bai, horrek ez du esan nahi ingurugiroarentzat hobeak direnik, ekoizketan ez ezik, bestelako prozesuan gainontzeko produktuen bide bera egiten baitute.