Primo Levi: Heriotzetik ihesi, bizitza ezin topatu

Primo Levi: Heriotzetik ihesi, bizitza ezin topatu https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2011/09/02
erreportajea
Primo Levi: Heriotzetik ihesi, bizitza ezin topatu
Heriotza eta maitasuna ei dira literaturan gehien jorratzen diren gaiak. Maitasunaz idatz daiteke esperientziatik abiatuta. Heriotzari buruzko literatura gehiena, ordea, espekulazio hutsa dela pentsa genezake, ez bagenu tarteka Primo Levi (Torino, 1919-1987) bezalako idazleen berri izango.


Heriotza ohiko pertsonaia zen Leviren bizitzan. Familia judu batekoa izanda, Kimika ikasketak amaitu berritan harrapatu zuen Italiako faxismoak; 24 urte baino ez zituela egin zuen bat partisanoekin. Ez zuen luzaz iraun; 1943an atxilotu zuten, eta 1944an alemaniarren esku utzi. Judua izateak zorte ona eman ziola esan daiteke; partisano gisa atxilotu izan balute, fusilatu egingo zuketen.

Bigarren Mundu Gerra amaitzeko urtebete baino gutxiago falta zelako biziraun zuen Auschwitz kontzentrazio esparruko infernuan. Bertan ikusitakoa, ordea, bizi osorako itzal bihurtu zitzaion, bizitzarengan eta gizakiarengan fede oro galduta. Esparruan hasi zen idazten Hau gizon bat bada, hango bizipenak xehetasun izugarriz kontatzen dituen narrazioa; orain gutxi argitaratu du Alberdaniak euskarazko itzulpena.

Kontaera soil eta mikatza du, etsipenaren eta baikortasun misteriotsu baten arteko erdibidean. Berak behin esan zuen ez zuela "biktimaren arranguran" edo "mendekatzailearen suminduran" erori nahi, horrek sinesgarritasuna kenduko ziolako idatzitakoari. Esparruko oroitzapen gordinek bera jazarri zuten bezalaxe, bere hitzek irakurlea ere jazar zezaten nahi zuen.

Heriotza bizi osoan bizilagun izan eta, hala ere, bizirautea ofizio zuen gizonak bere buruaz beste egin zuen 1987ko apirilaren 11n, agur-oharrik utzi gabe. Behingoagatik, Levik berak atzeman zuen heriotza, eta ez alderantziz.

Bibliografia


• Hau gizon bat bada (1956; Mikel Irurtiak  aurten euskaratua, Alberdania argitaletxea ren eskutik)
• La tregua (1963)
• Storie naturali (1966, Damiano Malabaila goitizenarekin argitaratua)
• Vizio di forma (1971)
• Lilit e altri racconti (1971)
• Sistema periodikoa (1975; Juan Garziak 1999an euskaratua, Alberdania argitaletxearen eskutik)
• La chiave a stella (1978)
• La ricera delle radici (1981)
• Se non ora, quando? (1982)
• Ad ora incerta (1984)
• L'altrui mestiere (1985)
• I sommersi e i salvati (1986)