Primateak eta kulturistak

Asko idatz daiteke gimnasioetara doan jende tipologiari buruz. Nire gimnasiora doan jendeaz, bai, behintzat. Kirol-arropa janzteko alferregi nagoenean (askotan, gehienetan) argumentu literarioekin konbentzitzen dut neure burua: Kirolagatik ez bada, joan zaitez behintzat materiala biltzera, ikusiko duzu zein ondo gelditzen den gero hori guztia ipuin batean.
Eta orduan zapatilak jantzi eta banoa, eta abdominalen artean, kuxkuxean ibiltzen naiz.
Ilea bereziki lazten didan espeziea: kulturistak. Beren giharrak mugarik gabe puztu eta puztu dabiltzan horiek. Nazka eta penaren artean dagoen sentimendu bat pizten dute neure baitan. Norbaitek orratz batekin sastatu eta hegan aterako direla iruditzen zait. Eta nago, barne-bizitza eskasa konpentsatzen dabiltzala kanpo-bizitza erakusgarri horrekin. Gizajoak.
Beren jokamoldeak ez du inolako zentzurik. Ez osasunaren ikuspuntutik, ezta erakargarritasun erotikoarenetik ere. Egia da garai batean lau hanketan ibiltzen ginen garaian, esan nahi dut gorputz handi bat boterearen sinbolorik behinena zela, eta ar handienek ziurtatzen zutela emeen onarpen beroena. Gaur eguneko primateei ere, borroka egiteko prestatzen direnean, sorbalda eta bizkarreko ileak tente jartzen omen zaizkie tamaina handiago bat irudikatzeko.
Baina, tira, pentsatu nahi dut gimnasioko kulturista hauek ez direla ez primateak. Beraz, nondik nora pisu eta esteroide horiek guztiak? Emeak erakartzeko esperantzan, akaso? Ezetz espero dut, zeren eta antropologoen arabera, emakumeok justu kontrakoa bilatzen omen dugu gaur eguneko gizonengan. Atzean, oso atzean gelditu da ar indartsuaren beharra. Orain, emakumeok aurpegi eta itxura femeninoagoak bilatzen dituzte (ditugu?). Hona Leonardo DiCaprio eta antzeko mutil delikatuen arrakastaren gakoa: kumeen zaintza egokiak baldintzatuko du, hein handi batean, gure espeziaren iraunkortasuna. Oihaneko arriskuak ahaztuta, bestelako dohainak eta abileziak dira zaintza eta heziketa egokia ziurtatuko dutenak: kariñoa, samurtasuna, kooperazioa femeninotasunarekin lotutako kontzeptuak eta, hortaz, forma femeninoek hobeto islatzen omen dutena.
Laburbilduz, gorputz gihartsuen garaia pasa da. Nork esango die nire gimnasioko morroskoei?