Prest dago MAZ Basauriko Musika Alternatiboaren Zikloko kartela

Prest dago MAZ Basauriko Musika Alternatiboaren Zikloko kartela https://www.gaztezulo.eus/albisteak/prest-dago-maz-basauriko-musika-alternatiboaren-zikloko-kartela/@@download/image/20123283675maz_kartela.jpg
2012/12/13
berria
Prest dago MAZ Basauriko Musika Alternatiboaren Zikloko kartela
Social Antzokiaren, eta NuncaMas eta Ameba Kultur Elkartearen arteko elkarlanari esker, abian jarri dute aurten lehen aldiz MAZ Musika Alternatiboaren Zikloa Basaurin. Maiatzaren 4an, 11n, 18an eta ekainaren 1ean eskainiko dituzte kontzertuak; besteak beste, Lisabö, Sidonie, The New Raemon, Nacho Vegas eta Anari igoko dira taula gainera.

Proiektu berriarekin gogotsu dira antolatzaileak. Hain zuzen, kontzertuak Social Antzokian eskainiko dituzte, eta beronek itxura eraberritua izango du ordurako: eserlekuak desagertu eta 700 lagunentzako lekua izango duen aretoa izango da. Ez hori bakarrik, edariak ere eskuratu ahal izango baitira salneurri merkean.

Sarrerak salgai dira dagoeneko. Aldez aurretik erosita, 10 euro balio dute; takilan bertan eskuratu nahi izanez gero, berriz, 12 euro. Halaber, 30 euro balioko duten bonoak ere salgai jarriko dituzte, baina 100 soilik. Horien bidez lau kontzertuetara sartzeko aukera izango duzue, bakoitzagatik 10 euro ordaindu beharrik gabe. Agortu aurretik erosi nahi badituzue, bizkor ibili beharko duzue!

Maiatzak 4, ostirala


21:00etan hasita, bi talde taulagainean

Delafé y Las Flores Azules
Bartzelonarrek 2004an sortu zuten taldea, eta Mar, el poder del Mar abestiak oso ezagun egin zituen orduan. 2006an eta 2007an disko bana kaleratu zituzten, eta horien bidez eszenategi alternatibo ospetsuenetara iristea lortu zuten. Basaurin Vs Las trompetas de la muerte lan berriko kantak aurkeztuko dituzte.

Miños Mutantes
90eko hamarkadaren erdialdean Granadan sortu zen taldea dugu, eta indie garaikidearen talderik indartsuenetakoa da uneotan. 15 urteko ibilbidearen ostean, Naufragos lanarekin iritsiko dira Euskal Herrira.

Maiatzak 11, ostirala


Beste bi talde izango dira eszenatokian, 21:00etatik aurrera

Nacho Vegas
Asturiarra 90eko hamarkadan egin zen ezagun, Eliminator Jr eta Manta Ray indie taldeetan aritu baitzen. Dena den, duela hamarkada bat inguru bakarkako ibilbideari ekin zion, eta arrakasta handia lortu du.

The New Raemon
Madeeko kantari eta gitarra jole izandakoak orain lau urte hasi zuen bakarkako ibilbidea. Bartzelonakoak sei lan kaleratu ditu dagoeneko, eta batetik bestera dabil kontzertuak eskaintzen. Basaurin egingo du hurrengo geldialdia.

Maiatzak 18, ostirala


21:00etan zabalduko dituzte Social Antzokiko ateak, beste bi euskal talde jasotzeko

Lisabö
Irundarren Animalia lotsatuen putzuak ikaragarrizko arrakasta lortu du iaz argitaratu zenetik. Adituek urteko diskorik hoberena izendatu dute, eta hainbat aldizkaritako azaletan ere azaldu dira. GAZTEZULO ere haiekin izan da, besteak beste, Txap gitarra jole eta abeslariarekin. Hemen elkarrizketa osoa.


Anari
Azkoitiarrak hamabost urte luzetako ibilbidea du bizkar gainean. Rock poetikoa ardatz du bere musikak, eta orain Irla izan azken lanaren kontzertu akustikoak eskaintzen dihardu, gelditu gabe. Nick Cave eta Bob Dylanen eraginak dituzten doinuak dira Anarirenak.

Ekainak 1, ostirala


Zikloari amaiera emateko, azken bi talde igoko dira taula gainera, iluntzeko 21:00etan, hauek ere.

Sidonie
Bartzelonan sortu zuten taldea, 90eko hamarkadaren amaieran. Hasieran ingelesez hasi baziren ere, orain gaztelerara egin dute salto. El Fluido Garcia du izena haien azken lanak, 2011an kaleratu zutenak, eta bertako kantak joko dituzte Basaurin.

Dinero
2007an Madrilen sortu zen talde honetako batera jolea euskalduna da, hain zuzen, Ekain Elorza bizkaitarra. 2009an lehen lana kaleratu zuten, eta geroztik hainbat jaialditan izan dira. Disko musikatik rockerainoko estiloak jorratu dituzte, eta MAZi amaiera emateko dantzan jarriko dute areto osoa.