Prest da Bilboko Kalealdiaren XIII. edizioa

Prest da Bilboko Kalealdiaren XIII. edizioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/prest-da-bilboko-kalealdiaren-xiii-edizioa/@@download/image/20126207026kalealdia_kartela.jpg
2012/12/13
berria
Uztailaren 2tik 7ra bitartean antzerkia, zirkua eta kaleko artea izango da nagusi Bilbon, Kalealdia jaialdiaren XIII. edizioa egingo baitute orduan. Plazak eta kaleak hartuko dituzte nazioarteko zein bertako artistek, eta antzezleku inprobisatu bilakatuko dira, ikusleen gozamenerako.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen du Bilboko Kalealdia jaialdia. Artista berriak zein ospe handikoak, atzerrikoak nahiz Euskal Herrikoak, jendearen irriak ateratzen saiatuko dira.

Hogei talde baino gehiagok osatzen dute kartela; besteak beste, Cie Glö, Circo Claxon, Gaitzerdi, La Corcoles, La Petite Epicerie, Matrioska, The Primitives, Malas Compañias, Tout Simplement Nous, Vaiven Circo eta Zen del Sur konpainiek beren ikuskizunak aurkeztuko dituzte.

Bilboko Alde Zaharreko Zazpi Kaleak, Arriaga antzokiaren aurrealdea, Kale Nagusia, eta inguruko hainbat kaletan izango dira ekitaldiak. Egunean zehar burutuko dira, doan, eta bertatik igarotzen den edonork ikusi ahal izango ditu. Urtez urte ikusle kopuruak gorantz egin du, eta aurten ere harrera zabala izatea espero dute antolatzaileek.