"Presaka ibiltzea ez da ona lanbide honetan"

"Presaka ibiltzea ez da ona lanbide honetan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/presaka-ibiltzea-ez-da-ona-lanbide-honetan/@@download/image/gaztezulo_kalig_1465296297.jpg
2016/06/10
elkarrizketa
Testua: Ane Urrutikoetxea @aneurruti
Teklatuak zokoratuta utzi ditu boligrafo eta arkatzak; egun, gutxi dira eskutitzak, postalak edota gabonak zoriontzeko gutunak idazten jarraitzen dutenak. Geroz eta informatizatuagoa dagoen gizarte honetan, mundu analogikoaren aldeko apustua egin du Bego Viñuela kaligrafo bilbotarrak. Luma eta tinta lagun, maitasun handiz marrazten du bere Caligrafia Bilbao tailerrean. Mahai txukun bat eta tea nahikoak ditu letrekin magia egiteko.


Bego Viñuela kaligrafia irakaslea eta Caligrafia Bilbao tailerraren jabea



Artisautza lana egiten duzu zuk. Kaligrafia eskaera handia al dago?
Uste dut orokorrean eskuz egindako gauzetara bueltatzen ari garela, eta artisautza lanak oso ondo baloratuta daude. Nik geroz eta eskaera gehiago jasotzen ditut.

Zer da gehien eskatzen dizutena?
Ezkontza eta jaunartzetarako gonbidapenak gehienbat. Horrekin batera, mota guztietako gonbidapenak, testu liburuak, sinadurak eta logotipoak egiten ditut. Letrak dituen edozein txokotan egin dezaket lan. Maiatzean enkargu erraldoi bat egin zidaten Guggenheimetik. Montblancek urtero eskaintzen duen Culture Arts Patronage sariaren ekitaldirako 220 menu idatzi nituen eskuz.

Eskuekin ariketa bereziren bat egiten al duzu eskaera erraldoiak egiten dizkizutenean?
Guggenheimekoa orain arte jaso dudan enkargurik handiena izan da. Normalean ez dut aparteko ariketarik egiten, baina esperientzia honen ondoren, bizkarra eta eskua arintzeko luzapenak egiten hasi beharko dut.

Zergatik aukeratu zenuen kaligrafia?
Arte Ederrak ikasten ari nintzela, tipografiaz hitz egin zidaten. Ordura arte ordenagailuz egiten zela uste nuen, eta eskuzko prozesua ezagutu nuenean, gehiago ezagutzeko grina piztu zitzaidan. Bartzelonan, kaligrafo batekin praktikak egiteko aukera eskaini zidaten; orduan jakin nuen nire ametsetako lana aurkitu nuela.



Pultsu ona izatea ezinbestekoa izango da zure lanbidean...
Lanbide honetan presaka ibiltzea ez da ona; denboraz larri ibili arren, lasai egin behar da lan. Kaligrafian ez dago ‘Ctrl Z’ teklarik, eta hanka sartzen baduzu, berriz ere hutsetik hasi behar duzu. Nahikoa da akats ortografiko bat edo tinta tanta bat prozesu guztia errepikatzeko. Horregatik,  kaligrafia meditazioarekin estuki lotuta dago; eseri, tinta eta papera prestatu, arnasa hartu, eta lasaitasuna eskatzen dizu.

Irakasle ere bazara; jende askori erakartzen al dio kaligrafiak?
Bai, eta adin zein profil askotakoak etortzen dira. Gehienak Arte Ederretako ikasleak dira, baina azkenaldian argazkilariak, tatuaje egileak, moda diseinatzaileak eta diseinatzaile grafikoak ere hurbiltzen hasi dira. Badira soilik eskuz egindako gauzekin gozatzeko etortzen direnak ere; gehienetan jende heldua. Helduek abantaila analogiko bat dute, eta goxotasun handiz egiten dute lan.

Idazteko modua geroz eta gutxiago zaintzen da.
Hala da, kaligrafiari ez diogu merezi duen garrantzia ematen. Guraso asko etortzen dira beren semeen idazteko estilo traketsarekin kezkatuta, eta gehienetan arazo nagusia boligrafoa hartzeko modua izaten da. Harrigarriak dira haur batzuek idazteko hartzen dituzten jarrerak.

Eskoletan ere, geroz eta kaligrafia gutxiago irakasten dute; eskuz idazten ahaztuko zaigu?
Kalkulagailua egon arren zenbatzen irakasten diguten moduan, ezinbestekoa iruditzen zait idazten ikastea. Eskuz idazteak onura ugari ditu, ideiak azaleratzeko modurik zuzenena baita, eta sormena garatzen izugarri laguntzen du. Beraz, ez dut uste ahaztuko zaigunik.

Zeintzuk dira zure ezinbesteko tresnak?
Luma-muturra da nire oinarrizko lan tresna. Dena den, asko gustatzen zait tresnak nik neuk eraikitzea; tinta beti neronek egiten dut. Gauzen jatorrira jotzen dut, eta gustuko kolorea bilatzeak badu bere magia, erritualaren zati polit bat da.

Ze beste erritual jarraitzen duzu?
Mania asko ditut, beharbada guztiak. Lehenik eta behin, mahaia garbitu behar dut, txukun jarri. Ondoren, te bat prestatzen dut, lan egiteko jarrera egokiena bilatu, tinta prestatu, eta azkenik, lan tresna aukeratu. Pauso bakoitza maitasun handiz egiten dut, proiektuan ere goxotasun hori islatu dadin. Arreta mantentzeko musika entzutea gustatzen zait, baina batzuetan kendu egin behar izaten dut, letra buruan sartzen zaidalako. Musika lasaia izaten da, esate baterako klasikoa, jazza edo bossa nova.

Ze gomendio emango zenioke bere letra hobetu nahi duen norbaiti?
Kirolari baten moduan, entrenamendu kontua da. Letra hobetu nahi duen norbaiti esango nioke egunero tarte bat hartzeko, lasai eseri, eta gustuko testu baten paragrafo bat kopiatzeko. Denbora laburrean hobetuko du.