Praga: emakumeak eta Jainkoa

Emakumeak, jana eta jainkoa. Hauek izan dira betidanik gizonezko txekiarrek gehien miresten dituzten gauzak. Txekiar umoregile zorrotza den Benjamin Kurasek halaxe dio The Prague Post ingelesezko astekarian.
Kanpotar batentzat badaude, hauez gain, beste gauza erakargarri asko ere. Adibidez, ogi likidoa, hau da, garagardoa edo "pivo" txekieraz. Baliteke txekiarrek, elikatzeko, garagardoa besterik ez behar izatea. Edozein tabernatan litro erdiko pitxerrak goizeko lehen ordutik irensten dituzte 60 urtetik gorakoek. Eta baita gazteagoek, noski. Pragako emakumeek 30 hitz dituzte larrujotze moduak aipatzeko. Agian honek argitzen du gaur egungo Pragan txekiar emakumeen mesedeen bila zorabiatuta dabiltzan 30.000 estatubatuar gazteen presentzia patetikoa.
Sexu harremanetarako emakume txekiarrak oso alaiak direla esaten da, baina, agian estatubatuarraez naizelako edo Jainkoarengan ez dudalako sinesten, nik esperientzia guztiz ezberdina bizi izan dut: tren geltoki bateko garagardotegian nengoela, ijito itxurako 50 urte inguruko andre hagingabe hura txekieraz mintzatzen hasi zitzaidan. Hasieran, nirekin ligatu nahi zuela pentsatu nuen, baina azkenean, errealitateak fikzioa txikitu zuen. Emakumeak aurrean zuen garagardoa ez zuen oso gustuko, eta vodka eskatzen zidan behin eta berriro.