Postpornoa iritsi da geurera ere

Postpornoa iritsi da geurera ere https://www.gaztezulo.eus/albisteak/postpornoa-iritsi-da-geurera-ere/@@download/image/2011546470pulsi_1361462990.jpg
2011/05/06
erreportajea
Testua: Antxoka Agirre
Sinplea da pornoa; ohiko bi esaldi, ohiko laupabost postura, ohiko plazerezko aiene erdi estralurtarrak bata bestearen atzetik. Eta primeran funtzionatzen du; porno hitza sartzen baduzu, 525 milioi sarrera topatuko dizkizu bilatzaileak sarean.

Badago, ordea, ohikoaz haratago joan eta helburu sortzaileak ere izan ditzakeela aldarrikatzen duenik. "Pornoterrorismo" liburua eta "Zelako pornoa?" proiektua aurkeztu dituzte azken asteotan.

Diana J. Torres madrildarrak porno film labur batzuk eginak zituen hemezortzi urte bete zituenerako. Taulatu gainera igoaz performanceak egiteari ekin zion adin horrekin, eta pornoa bere iritziak adieraziz ingurukoen kontzientziak zirikatzeko erabili du ordutik. Bere ikuskizunetan eszenatokia alkoholez, isuri baginalez, izerdiz edo pinturaz blai uzten du beti, eta ikuslegoa ahoa bete hortz: ikus-entzunezko gordinek eta zuzeneko ikuskizun lesbikoak jantzitako poema pornoen errezitaldia, orratzekin buruturiko jolasak, biluzik hasi eta pixkanaka gizon bezala janztera daraman anti-striptease-a…

Gizarte patriarkala eta sexualitatearen eredu heteromatxista kritikatzen ditu, baina baita feminismo klasikoak pornoa edo prostituzioaren aurrean erakusten dituen jarrerak ere. Nork bere gorputzarekin  nahi erara gozatzeko eskubidea aldarrikatzen du, araua eta muga hartzen ditu etsaitzat, eta zalantzak izatea ezer ez sentitzea baino hobea dela dio. Bere ekarpenari pornoterrorismo jarri dio izena, eta izenburu hori daraman liburu bat argitaratu berri du. Bertan bere bizipenak, ideiak, poemak eta webgune porno gustukoenak jasotzen ditu.

Zelako pornoa gustatzen zaizu?

Liburuaren Iruñeko aukezpenak iskanbila apur bat eta YouTuberen zentsura eragin zituen garai beretsuan, Pulsiones SX taldeak "Zelako pornoa?" proiektua aurkeztu zuen kabaret erotiko baten bidez Bilboko Hika Ateneoan.

Alor ezberdinetako artistek osaturiko taldea da Pulsiones SX. Sexuaren inguruan ikertu, gogoeta egin eta sortzeko elkartu dira, eta proiektuaren helburu nagusia gizartearen iruditeria pornografikoa gaurkotzea dela adierazi dute.

Eskaintzen zaizun pornoaren baitan topatzen al duzu nahi duzuna? Ze porno mota gustatzen zaizu? Zein dituzu argitalpen eta webgune gustukoenak? Material pornografikoa erabili ondoren nola sentitzen zara? Iruditzen al zaizu pornoak zure praktika sexualetan eraginik izan duenik?  Pelikula porno bat zuzentzeko aukera bazenu non kokatuko zenuke? Ze musika jarriko zenioke? Zein litzateke argumentua?... Proiektuaren lehen fasean parte hartu nahi zuen guztiari irekia zegoen galdetegia zintzilikatu zuten sarean.

Desira sexualak berrituta elkarrekin harremanetan jartzeko, maitatzeko eta bizitza ulertzeko bide berriak irekitzen direla defendatzen dute, eta ekarpen praktikoa egin nahi izan dute. Jasotako erantzunekin argazkitegi bat osatu dute lehenengo, eta maiatzeko lehen asteburuan estreinatzen den ikuskizuna ondoren.

Topikoak dio Euskal Herria sexu kontuetan atzerakoi samarra dela. Topikoak gora behera, ordea, pornoa kritika, umorea edo artea egiteko aukera gisa planteatzen duten korronteek lehen pausuak  emanak dituzte behintzat.