Pornografikoa edo erotikoa?

Pornografikoa edo erotikoa? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pornografikoa-edo-erotikoa/@@download/image/55p16-1_1366670129.jpg
2005/09/02
erreportajea
Larraitz Arando
Arrasateko Udaleko Sexología zerbitzuak "Sexmetraia 2005" izeneko film laburren lehiaketa antolatu du. Lehiaketa honen bitartez, sexualitate mota guztiak aldarrikatu nahi izan dira, emakume eta gizon bilakatu eta sentitzeko era guztiak ezagutarazi eta txalotuz. Lehiaketaren aitzakiarekin, eztabaida zahar bati heldu nahi izan diogu.

Hamabi film labur lehiatu ziren Sexmetraia 2005 txapelketan. Filmak Euskal Herritik (Gasteiz, Laudio, Altsasu, Aretxabaleta, Bilbo…), Kataluniatik, Espainia eta Frantziatik heldu ziren.

Filmeen egileek irudimen, gogo eta indar handia erakutsi zuten, eta hori horrela, ez zioten lan samurra jarri sexologia eta zine munduko adituek osatutako epaimahaiari. Erabakia hartzea asko kostatu zitzaion arren, epaimahaiak ondorengo filmak saritu zituen:

1. "Elena": Sexmetraia saria. Martin (Valle de Hecho).
2. "Maider": Sexologia saria. Jorge Villar: (Madril).
3. "Marra urdinen bitartez…": Sexologia Euskaraz saria. Yera Sanchez. (Aretxabaleta).

Asko ikas daiteke zuzendari gazte hauek euren filmetan islatu dituzten egoerak aztertuta. Hala, era guztietako lanak ikusi ahal izan ziren "Sexmetraia" lehiaketan: zenbaitek animazioa erabili zuten gorputzaren mugimenduak adierazteko, beste zenbaitek istorio bat kontatu zuten, besteek pasarte bat erakutsi ziguten, batek gorputza osatzen duten likidoen irudiak aurkeztu zituen, beste batzuek nazka eta desiraren arteko muga era abstraktoan adierazi zuten… baina "Sexmetraia" lehiaketara aurkeztutako film hauek pornografikoak edo erotikoak dira?

Izan ere, pornografia eta erotika banatzen dituen lerro bat dagoela dirudi, eta bi kontzeptu hauek elkarrekin talka egiten dutela sinestarazi digute. Ondorioz, pelikula bakoitza noraino ote den erotikoa eta noraino pornografikoa, jakinahi horrek, antsietatea sortzen du. Baina hainbesteko aldea al dago pornografia eta erotikaren artean?

Pornografia edo erotika

Pornografia hitza "pornographos" hitz grekotik dator, eta "prostituten idatziak" esan gura du. Aipatu idatzietan, Greziako prostitutek beraien bizimoduaren, jokamoldeen eta bezeroekin zituzten ohituren berri ematen zuten. Idatzi horietan dago pornografiaren kontzeptuaren jatorria.

Mendeetan zehar, pornografia asko aldatu da kontzeptu gisa, eta gaur egun, garai batekoaren oso bestelako konnotazioa du. Oro har, egun, sexu kitzikadura sortzeko xedea duen materiala hartzen da pornografiatzat, eta normalean, gorputz atalekin egiten ditugun gauzekin lotzen da zuzenean.

Eta erotika?

"Erotika" hitzak ere jatorri grekoa du, greziar mitologiatik eratorritako hitza baita. "Eros" maitasunaren jainkoa da, eta erotika, aldiz, emakume edo gizon izatea nola bizi dugun kanporatzeko bidea dela esan daiteke. Gizabanako bakoitzak bere izate hori azaldu eta kanporatzen du, beste pertsonekin harremanetan jartzeko: hitz eginez, mugimenduen bitartez, keinuekin, janzkerarekin, irribarreekin, emozioekin, ukimenarekin… azaleratze horri erotika esaten zaio. Norberaren erotikak beste pertsona batzuk erakar eta berotu ditzake, eta maiz, sentimenduak eta maitasuna sartzen dira erotikaren barruan.

Pizgarri erotikoak

Benetan berotzen al gara ageriko sexu pizgarriekin, pelikula erotiko eta pornoekin? Edota, aitzitik, kitzikatzearen kontu hori mitoa besterik ez da? 70eko hamarkadan AEBtan eta Alemanian egindako hainbat ikerketen arabera, pertsona asko "berotu" egiten dira sexuarekin lotutako aldizkari, film eta argazkiekin. Hala ere, norberaren esperientziaz mintzatzerakoan, jendeari kosta egiten zaio irudi horiekin berotzen denik aitortzea. Baina zergatik da zaila horrelakorik aitortzea?

Erantzuna ondorengoa izan daiteke: gaur egun, "era naturalagoan" bizitzen saiatzen garen arren, oraindik ere lizuntasunaren kutsua hartzen zaiela irudi hauei. Izan ere, irudi hauek modu naturalagoan bizitzen saiatzen gara… baina saiatze horrek berak erakusten du, kontua ez dugula era naturalean bizi. Azken batean, pizgarri hauek ez ditugu datozen bezala hartu eta bizitzen.

Irudi hauek ikusleengan duten eragina aztertu ondoren, ikertzaileek hiru ondorio nagusi atera zituzten. Lehen ondorioa: emakumezko eta gizonezkoak irudi ezberdinekin kitzikatzen direla. Bigarren ondorioa: inoiz sexu harremanik eduki gabeko emakumeek, fisiologikoki erantzun handiagoa izaten zutela irudi hauek ikusterakoan. Azkenik, zera azpimarratu zuen buru-osasunaren aditu talde batek: film pornografiko eta erotikoak ikustea ez dela kaltegarria osasunarentzat.

Mugarik ba al dago?

Irudi pornografiko eta erotikoek gure desira piztu eta kitzikatzeko gaitasuna dute, baina hala ere, gure gizartean, bi kontzeptu horiek bereizteko ohitura nabarmena dago. Zergatik?

Pelíkula pornografikoak ikustea, film erotikoak ikustea baino zikinagoa da askoren ustez. Izan ere, pornoak gorputzarekin lotura zuzena du, eta horrexegatik, pornoaren "zikintasuna"ren irudi hori oso zabaldua dago. Kultura judukristauetan gorputza bekatuegilea izan da beti. Aldiz, film erotikoak maitasunarekin eta sentimenduekin lotzen dira, eta erotismoa arimarekin lotuago dagoela dirudi. Ez da ahaztu behar, gure kultura honetan, arima jo izan dela gizakiaren muinatzat.

Frantziako iraultzaren ondoren, gaur egungo erotika kontzeptua sortu zen. Hain zuzen, pornoari eman zitzaion ukitu lizunetik bereizteko sortu zen erotikaren kontzeptu hori. Burgesek ez zuten loturarik izan nahi pornoa bezalako gauza zikinekin, eta horrexegatik, pertsona txiro, marginatu, zikin eta delitugileen kontua zela gizarteratu zuten.

Hala ere, erabat "garbiak" izan nahi zuten burges haiek, beharra zuten beste pertsonekin harremanetan jarri, haiekin jolastu, eta haiek ukitzeko. Baina bizipen haiei beste izen bat jartzea erabaki zuten: erotismoa. Sexu praktika berdintsuak izan arren, euren harremanak ez ziren pornografikoak, euren harremanak erotikoak ziren!

Bereizketa hori eginda, burgesek kontzientzia lasaiago izango zuten agian, pertsona fin eta garbiak izaten jarraituko baitzuten, eta ez delitugileak. Hori paradoxa! Gauza bera egin arren, izendapena aldatu eta nolako "esperientzia garbiak" bizi daitezkeen!

"Sexmetraia 2005" lehiaketako film laburrak erotikoak edo pornografikoak diren norberak erabaki beharko du. Baliteke, baten ustez film denak erotikoak izatea, baina beste batentzako pornografikoak izan daitezke, edo apika, bi kontzeptuen arteko nahasketa bat. Aukera izanez gero, zuzendari gazte hauen film laburrak ikus eta goza ditzakezu: zuk erabaki une horiek porno edo erotiko gisa bizitzea!
www.sexologiazerbitzua.com/sexmetraia