Pornografiaren magalean

Pornografiaren magalean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pornografiaren-magalean/@@download/image/38p28-1.jpg
2004/02/06
erreportajea
Sexuak jakin-min handia piztu ohi du gazte garaian. Eta, gaur egun, sexuaren mundua inoiz baino eskurago dugu gazteok, sexu "birtuala" izan arren. Pornografiaz ari gara.

Gaur egun, gazteok internet-en "sexu" hitza idatzi besterik ez dugu, pornografiaren magalean etzateko. Arratsalde partean, matematika ariketak egiteaz asper-asper eginda eta jakingurak bultzatuta, bilatzailean hitz magikoa jarri eta pornografiaren munduan murgiltzen dira gazte asko —mutilak, gehienak—. London School of Economics erakundeak 2001ean argitaratutako txostenaren arabera, Erresuma Batuko 8 eta 16 urte bitarteko haurren eta gaztetxoen %90ak pornografia ikusi du inoiz interneten. Horrez gain, interneteko pornografia guneen bisiten %20-30 gazteek egiten dutela argitu du ikerketa horrek. Gurean ez dugu datu zehatzik, baina gazteak, ordenagailu aurrean ikasten ari direla, zirrikitu batetik ikusiko bagenitu…! Javier Gomez de Zapiain psikologo eta sexologo donostiarrak dioenez, "normala da gaztetxoek pornografiara jotzea. Nerabetasunean sexu nahia nabaritzen hasten dira, eta beste gazte batzuekin aritu ezin direnean, pornografia erabiltzen dute desioa asetzeko".

Inoiz baino eskurago
Pornografia ez da atzo goizeko kontua. Izan ere, Ponpeiako (K.a VII.mendea) indusketa lanetan, artelanen artean, pintura eta eskultura erotikoak topatu zituzten. Betidanik erabili omen da pornografia sexu grina asetzeko: "Ez da gauza berria. Ni nerabe nintzenean ere 'Penthouse' eta horrelako aldizkariak lortzen genituen. Esku batetik bestera ibili ohi ziren. Hainbeste erabilita, zimur-zimur eginda zeuden", esan digu Gomez de Zapiainek. Anaia zaharrari edo beste norbaiti 'lapurtutako' aldizkariak izan ohi ziren, garai hartan ez baitzen hain erraza aldizkari pornografikoak lortzea. Gaur egun, ordea, sekula baino eskurago dugu pornografia. "Gazteek, batez ere, internetera jotzen dute, aldizkariak eta bideoak erostea baino erosoagoa delako: ez dute lotsa pasatu beharrik", dio sexologo gipuzkoarrak. Tresna berria izateaz gain, beste aldaketarik ere gertatu da: "Egungo gizartea, ustez, irekiagoa da. Ondorioz, pornografia produktuak biderkatu egin dira". 

Arriskutsua al da?
Hau dela eta, guraso asko kezkatuta daude: "Ez al da gure semea  —edo alaba— web gune horietako batean ibiliko, eskolarako materialaren bila ibili beharrean?". Eta kezka ez da soilik telefono fakturarengatik —garesti samarra izaten da batzuetan honelako guneetan sartzea—. Pornografiak seme-alabengan izan dezakeen eragina ere buruhauste da guraso askorentzat. 

Gomez de Zapiainen ustez, pornografiak ez du zertan arriskutsua izanik: "Desio bat asetzen duen heinean, ona izan daiteke. Arazoa da pornografian manipulazio handia dagoela: koitoa mitifikatzen du, erotismoa parodiatzen du eta zientzia fikziozko sexu praktikak bultzatzen ditu, adibidez. Hori guztia ez da ona gaztetxo baten sexu heziketan. Pornografia ikuspegi kritiko batez ikustea komeni da", esan digu Gomez de Zapiain-ek. Hau da, pornografiak, batzuetan, sexuaren oso ikuspegi murritza ematen du, eta zerikusi gutxi izaten du errealitatearekin. Beraz, sexu heziketan, ideia edo uste okerrak eragin ditzake. 

Beste arrisku bat menpekotasuna izan daiteke. Gomez de Zapiainen hitzetan, "hori erabiltzailearen araberakoa izan ohi da. Pertsona horrek gabezia pertsonalak baditu edo sexu bizitza heldua ez badu, menpekotasuna sortzeko arrisku handia dago. Dena dela, hori beste zenbait esparrutan ere gerta daiteke: drogak, maitasuna, jokoa…".

Abantailak eta desabantailak



Abantailak
-Sexuaz zertxobait ikas daiteke.
-Esperimentaziorako aukera ematen du.
-Sexu desioa asetzeko erabil daiteke.

Desabantailak
Uste okerrak zabal ditzake. Adibidez, beste zenbait sexu jolas baztertzen ditu eta koitoari —zakila aluan sartzea— gehiegizko garrantzia ematen dio. Matxismoa ere bultza dezake. • Menpekotasuna sor dezake. Eta, ildo honetatik, bakardadea eta isolamendua. Ez dezagun ahaztu interneta “bakarlarien erresuma” dela.  

Pornografia eta emakumeak



Pornografia mutilen kontua izan ohi da; mutilak dira erabiltzaile nagusiak eta baita internet-eko atari, aldizkari eta bideoen egile gehienak ere. "Pornografia gizonek gizonentzat egindako gauza da. Batetik, duela gutxira arte, emakumeari gaitasun erotikoa ukatu izan zaiolako. Bestetik, emakumeak ez direlako ikusmenaz gidatzen. Haiei askoz gehiago gustatzen zaizkie liburu eta ipuin erotikoak pornografia baino", dio Gomez de Zapiain-ek. Emakumeei zuzendutako produktu pornografikoak, beraz, oso-oso gutxi dira, baina egon badaude. Oraindik ere pornoa mutilen kontua da eta, are gehiago, batzuetan ikuspegi matxistan oinarriturik dago.