Popako tabuak hausten

Popako tabuak hausten Uzki sexuak tabu izaera mantentzen du. Gutxitan hitz egin edo aztertzen da, eta halakoetan ere aukera batzuk isilpean geratzen dira pertsona ugariren esperientzia ukatuz eta beste hainbatena mugatuz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/popako-tabuak-hausten/@@download/image/sexuak_zulo4.jpg
2017/04/21
erreportajea

Ander Lertxundi @Arremanitz

Uzki sexuak tabu izaera mantentzen du. Gutxitan hitz egin edo aztertzen da, eta halakoetan ere aukera batzuk isilpean geratzen dira pertsona ugariren esperientzia ukatuz eta beste hainbatena mugatuz.
Popako tabuak hausten

Lagunartean uzkiko sarketaren gaia ateratzen denean, Asierrek (asmatutako izena) ongi neurtzen ditu bere hitzak. Badaki noraino hitz egin dezakeen inongo arazotan ez sartzeko. Lagun askok, desira azalduz, eta ematen duen morboa goraipatuz, zakila beste baten uzkitik sartzea –nesken uzkitik beraien kasuan– ikaragarria izan behar duela esaten dute. Lagun batek dio zulo hori ez dela horretarako eta zikintzeko aukera dagoela gainera eta, ondorioz, ez du besteen iritzi bera. Asier lehenengoekin ados dago, probatzeko aukera izan du gainera eta asko gustatzen zaio.


Hala ere, hori ez da Asierrek gustuko duen bakarra. Honetaz gain, bere ipurtzuloa laztandua eta miazkatua izateak sutan jartzen du eta asko gozatzen du. Hau, ordea, ez du lagun artean esaten, beldurra ematen dio lagunek zer pentsatuko duten. Baten batek homosexualtzat jo dezake eta arraro edo biziosotzat hartuko ote duten beldur da. Egia da lagunak irekiak eta modernoak direla, baina hau desberdina da.


Gainera, hori ez da guztia; hatza sartzea ere atsegin du, bai bera bakarrik dagoenean eta baita bikotekide batekin dagoenean ere; sortzen dion sentsazioa izugarri gustatzen zaio. Sakon sartu eta prostata laztantzera iristean kontrolatu ezineko sentsazioa sortu eta segundo gutxitan isurtzen du semena. Aurrekoak bezala, argi du hau ez duela kontatuko, hau are gutxiago.


Ingurukoek pentsatuko luketenak beldurra eta lotsa sentiarazten badio ere, Asierrek ez du bere buruarekin aipatutako praktika horiekiko arazorik. Badaki gustatzen zaizkiola eta honek ez duela bestelako esanahirik. Dena den, gauzatu ez duen arren, kuriositatea sortzen dion beste praktika batek kezka gehiago eragiten dizkio. Neska batek, dildoa duen arnes batekin, uzkitik sartzea nolakoa izango litzakeen galdetzen dio bere buruari. Are gehiago, ideiak izugarri eszitatu eta benetako desira sentiarazten dio. Beste baten aldakak ipurmasailetan sentitu nahi ditu, ‘dominatua’ izatearen ideiak asko berotzen du.


Argi du neskak dituela gustuko, baina hainbestetan entzun dituen esaldiek zalantza eta ezinegona sortzen diote. Txikitatik entzun du ipurtzuloarekin gozatzeak eta sumiso izateak mutilak homosexual bihurtzen dituela. Bere herriko sexu aholkularitza gunera gerturatzea erabaki du.


Asierren kasua asmatua da baina edozein gizon heterosexuali gerta dakiokeen zerbait da. Pixkanaka uzki sexuaren alde bat ilunpetik ateratzen ari den arren, uzkiarekin gozatzeko praktika batzuek batzuentzat ‘debekatuak’ izaten jarraitzen dute. Tradizionalki, praktika hauek gizon heterosexualek ‘debekatuago’ izan dituzte, euren gizontasun eta heterosexualitatea jokoan zegoela dirudi eta. Gaur egun, mundua borobila dela esatea bezalakoa bada ere, batzuetan argitu behar izaten da egiten dugunak ez gaituela homo, bi edo heterosexual bilakatzen.


Era berean, uzkia oso sentsiblea denez, eta guztiok bat dugunez, denok dugu ipurtzuloaren bitartez gozatzeko aukera. Izan gizon, emakume, homosexual, heterosexual ala bisexual. Eta Lurra da eguzkiaren inguruan orbitatzen duena, ez alderantziz.