Pop eta Rock musika estiloen hiztegi txikia

Musika prentsak hamaika izen erabiltzen ditu talde zein bakarlarien ekoizpenak definitzeko. Sarritan ulergaitzak zaizkigun etiketak dira. Inoiz baino
aniztasun handiagoa dagoela dirudi; guztia, Internetek eskaintzen duen
berehalako musikaren hedapenari eta entzuleen ‘feedback’-ari esker.
Pop: Rock-aren azpigeneroetatik nabarmenena. Musika popular bezala definitu ohi den horretan, pisu handiagoa dauka melodiaren estetikak letrak baino. (Itoiz: Taxi horiak).
Rock: Rhythm and blues eta country estiloetatik jaioa. AEBetan 1950eko hamarkadan sortutakoa da. Baxua, bateria eta gitarra elektrikoak ditu oinarri.
(Niko Etxart: Euskal rock‘n’roll).
Rock-a eta pop-a hainbat azpigeneroen oinarri dira. Hauek dira batzuk:
Emo eta Screamo: Emo ingelesezko ‘emotional’ hitzetik dator. ‘Scream’ hitzak, aldiz, oihu esan nahi du. Beraz, oihukatzen den emo estiloa da. Hardcore-aren adar bat da. (Yaw: Gauez pentsatzen direnak).
Folk: Folklorea oinarri duen musika tradizionalaren aldaera. (Adarrots: Adarraren hotsa).
Grunge: Seattleko soinuak 1980an du jatorria. Punk eta rock klasikotik edaten du. Gitarra distortsionatuak, melodia errepikakorrak eta bateria indartsuak ditu bereizgarri. (Willis Drummond: Hobenduna).
Indie (pop/rock): Generoa edo azpigeneroa den erabakitzeko adostasunik ez dago. Jatorriz DIY filosofian oinarritutako soinu independentea da, rock-aren eta pop-aren adiera guztiak biltzen dituena. Baina urteekin esentzia independentea galdu duen hitza da. (Kometa: Momentuaren zai).
Lo-Fi: Indiearen azpigeneroetan popularrena. Ohikoa baino kalitate eskasagoarekin grabatutako musika da. Indarrik gabeko hamaika geruzak osatutako soinu lausoa. (Alvvays: Marry me, Archie. Nazioartekoa).
Math: Rock progresibotik edaten du. Sortzaileak matematiketan oinarritzen dira abestiak egiteko. Melodia armoniatsuak eta riff distortsionatuak bateratzen ditu eta erritmo eta estruktura konplexuak erabili. (Minus The Bear: Lemurs, Man, Lemur. Nazioartekoa).
Noise (pop/rock): Distortsioa, fintze disonantea, akopleak zein ardatz duen gitarra elektrikoak sor ditzaketen beste edozein baliabide du ezaugarri. Punk-ean errotutako oinarri erritmiko sendoa du. (Akauzazte: Atzerritarra II).
Post-rock: Nagusiki instrumentala. Erritmo, melodia eta tinbreek progresio armonikoa jarraitzen dute. (Lisabö: Ez zaitut somatu iristen).
Power (pop/rock): Melodia egonkorrak, riff indartsuak, ahots garden eta ondo definituak. Arraroa da instrumentuen solo-ak entzutea. Pete Townshed The Who taldeko abeslariak erabili zuen estreinakoz 1967an. (Peiremans+: Zuretzako hitz ederrak).
Punk (pop/rock): Apaingarririk gabeko musika gordina. Abesti laburrak josten dituzte konpas eta tempo arinek; melodia sinple eta kontrolik gabeak. Hainbat azpigeneroen sorburua da. (Never Surrender: Mundu zikin hontan).
Riot Grrrl: DIY filosofiari jarraiki punk eta grunge eszenan indartsu eragin duen musika mugimendu feminista. (Pottors ta klito: Sexua).
Rock progresiboa: Jazz-ean edota musika klasikoan errotutako instrumentazio teknikak erabiltzen dira. Abestiek hamabost eta 40 minutu bitarteko iraupena izan dezakete. (Errobi: Ametsaren bidea).
Sadcore edo Slowcore: Rock alternatibotik edaten du. Letra ilunak, melodia tristeak eta tempo lasaiak. (Anari: Gu).
Synth: Sintetizadoreetan oinarritutako musika elektronikoa. (Gose: Ezetz).