Poloniar atleta batek bere Tokioko zilarra enkantean jarri du haur baten bizitza salbatzeko

Poloniar atleta batek bere Tokioko zilarra enkantean jarri du haur baten bizitza salbatzeko Domina supermerkatu kate batek erosi zuen 100.000 euroren truke eta irabazleari itzuli dio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/poloniar-atleta-batek-bere-tokioko-zilarra-enkantean-jarri-du-haur-baten-bizitza-salbatzeko/@@download/image/esta-atleta-polaca-subasta-su-medalla-de-plata-en-tokio-para-salvar-la-vida-de-un-nino.jpg
2021/08/24

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Domina supermerkatu kate batek erosi zuen 100.000 euroren truke eta irabazleari itzuli dio.
Poloniar atleta batek bere Tokioko zilarra enkantean jarri du haur baten bizitza salbatzeko

Maria Andrejczyk-ek 25 urte ditu eta bere bizitza kirolari eskaini dio. Poloniar atleta honek 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina eskuratu zuen xabalina jaurtiketan. 64,41 metrokoa izan zen bere marka, bigarren postua eskuratuz eta bere ametsa betez. Atleta Poloniara itzuli zenean, omenaldi batzuen ostean, bere domina enkantean jartzea erabaki zuen. Izan ere, Milos haurraren kasua ezagutu zuen. Milosek arazoak zituen bihotzean eta bere itxaropen bakarra Estatu Batuetan ebakuntza bat egitea zen. Hori ikusirik, horrenbeste eskuratzea kostatu zitzaion domina enkantean jartzea erabaki zuen haurrari laguntzeko eta ebakuntzarako dirua biltzeko. 

Maria Andrejczyk-en zilarrezko domina 50.000 dolarreko prezioarekin jarri zen enkantean. Momentu horretatik aurrera igotzen hasi zen. Azkenik, 125.000 dolarretan saldu zen. Zabka Polska deitutako supermerkatu katu batek eskuratu zuen, Poloniako ezagunenetakoak. 

Domina itzuli diote
Atletak espero ez zuena denda kate hori berarekin harremanetan jartzea zen, esanez bere domina itzultzen ziotela. Honela, dominagatik ordaindutako diru kopuru hori Milosen ebakuntza gauzatu dadin emango dute, baina Maria berak, izerdi eta lan handiarekin, eskuratutako dominarekin geratuko da. 

Atletak Twitter-eko bere kontuan partekatu du Zabka Polska erakundeak idatzitako mezua: "Izugarri hunkitu gintuen gure olinpiar atletaren keinuak, horregatik, Milos haurrari laguntzea erabaki dugu, baina baita Mariari bere domina itzultzea ere". Facebook plataforman kirolariak adierazi du domina borroka, fede eta bere ametsen bilaketaren ikur dela. Beraz, izugarri pozik agertu da berriz ere berau eskuratzeagatik. Eredu.