Polonia eta Ukraina arteko mugara bidaiatuko dute gaurko 'Ur handitan' saioan

Polonia eta Ukraina arteko mugara bidaiatuko dute gaurko 'Ur handitan' saioan Gaur abiatuko dute Xabier Madagariak aurkeztutako saioaren denboraldi berria eta hamar atal eskainiko dituzte guztira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/polonia-eta-ukraina-arteko-mugara-bidaiatuko-dute-gaurko-ur-handitan-saioan/@@download/image/bideo uh.png
2022/03/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gaur abiatuko dute Xabier Madagariak aurkeztutako saioaren denboraldi berria eta hamar atal eskainiko dituzte guztira.
Polonia eta Ukraina arteko mugara bidaiatuko dute gaurko 'Ur handitan' saioan

ETB1eko Ur handitan saioak denboraldi berriari ekingo dio gaur gauean. Gerran izeneko saioan Ukrainako egoera izango dute hizpide, eta Polonia eta Ukrainaren arteko mugara bidaiatuko dute euren herrialdetik ihesi doazen pertsonen testigantzak jasotzeko. Mugan gertatzen ari dena bertatik bertara erakutsiko du Xabier Madariaga kazetariak.

Hasteko, Luda Davydenko Orion bizi den 21 urteko ukrainarrarekin izango da Madariaga. "Sorterritik urrun egon arren, oso gertutik sufritzen ari da Ukrainan gertatzen ari den guztia. Ezinegonaz, familiari buruzko informazioa gutxika-gutxika iristen zaiola kontatu du", azaldu du ETB Mediak.

Oriotik Poloniarantz abiatuko dira eta Prezemyslko tren geltokian Daria Alieksieienkorekin egingo dute topo. 23 urteko ukraniarra da, baina Polonian bizi da. Gurasoak Ukrainan dituela kontatu du eta horrek ezinegona sortzen diola. Errefuxiatu asko iristen ari dira tren geltoki horretara, emakume eta haurrak bereziki, eta Natasharekin, 33 urteko emakumea, eta Alinarekin, 9 urteko bere alaba, egongo dira. Kharkivetik ihes egitea lortu dutela azalduko dute. Bestetik, senitartekoak jasotzeko Madrildik autoz joandako Elvira eta Margarita ere ezagutuko dituzte bertan.

Ondoren, Medykara joango dira eta, han, Natalia eta Alexei senar-emazte ukrainarrak aurkituko dituzte ilara batean. Beraiek lortu dute Kievetik ihes egin eta muga pasatzea, baina biloba Ukrainako soto batean utzi behar izan dute. Jende ugari geratu da hiriburuan eta horretaz hitz egingo dute Kieven dagoen Mikel Ayestaran kazetariarekin. 

Dorohuskeko harrera etxea ere bisitatuko dute. Bertan topatuko dute Sergei, hiru seme-alabekin eta emaztearekin atseden hartzen. 28 urteko ukrainar gaztea frontera joatetik libratu da hiru seme-alabaren aita delako. Ane Irazabal kazetariarekin ere solastuko dira, gerran emakumea jomugan egotearen inguruan. Jarraian, Chelm herriko eliza harrera-zentro bihurtu duen apaizarekin elkartuko dira. Hendrikek 200 ohe egokitu ditu errefuxiatuentzat.

Azkenik, Polonian bizi den Aitor Arruti bilbotarrarekin egongo dira. Arrutik Ukrainatik iritsi den familia bat hartu du Varsoviako bere etxean. 

Hamar atal
Denboraldi berriak hamar atal izango ditu eta, ohiko moduan, gizarte gaiak landuko dituzte, esaterako, pandemiak gazteengan izan duen eragina, eta sare sozialak eta indarkeria matxista. Asteartero izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.