POLIMAITASUNA

POLIMAITASUNA Harremanak konplexuak izan ohi dira, maitemintzen garenean gure desio eta sentimenduak ez baitaude gure borondatearen menpe. Ezin dugu erabaki zeinetaz maitemintzen garen, nor desiratzen dugun ezta noiz maite dugun pertsona bat ere. Honek, harremanen konplexutasuna areagotzen du eta ondorioz, bikote erlazio batetan gaudenean, beste norbaitekiko amodio sentimenduak azaltzen direnean, egoera kudeatzea ez da erraza izaten. Posible al da pertsona batetaz baino gehiagotaz maiteminduta egotea? Posible al da gure amodioa pertsona bat baino gehiagorekin partekatzea? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/polimaitasuna/@@download/image/polimaitasuna.jpg
2017/02/21
erreportajea

Maider Jericó Zelaia.
Arremanitzeko kolaboratzailea @Arremanitz

Harremanak konplexuak izan ohi dira, maitemintzen garenean gure desio eta sentimenduak ez baitaude gure borondatearen menpe. Ezin dugu erabaki zeinetaz maitemintzen garen, nor desiratzen dugun ezta noiz maite dugun pertsona bat ere. Honek, harremanen konplexutasuna areagotzen du eta ondorioz, bikote erlazio batetan gaudenean, beste norbaitekiko amodio sentimenduak azaltzen direnean, egoera kudeatzea ez da erraza izaten. Posible al da pertsona batetaz baino gehiagotaz maiteminduta egotea? Posible al da gure amodioa pertsona bat baino gehiagorekin partekatzea?

Bikote harreman bakoitza bakarra den heinean, batzuek modu inplizitu batean fideltasuna dute arau gisa, beste batzuek, harremanetik at beste topaketa erotikoak izateko onespena dute, beste batzuek ordea, puntualki bikote aldaketa edo swinging-a praktikatzen dute.


Baina, demagun, gure harremana ez dela monogamoa, pertsona bat baino gehiagorekin baizik, aldi berean, elkar adostuta eta modu kontziente batean. Polimaitasunaz ari gara, pertsona bat baino gehiago maitatzean oinarritzen diren harremanak.
Ez dugu poligamiarekin nahastu behar, poligamia emakume bat baino gehiagorekin ezkondutako gizona edota gizon bat baino gehiagorekin ezkondutako emakumea deskribatzeko erabiltzen den hitza baita.


Askotan, aurreiritzi negatiboak izaten dira maitasun modu honekiko, baina polimaitasunak ez du esan nahi konpromisorik ez egotea, errespetu, konfiantza edo intimitate eza edota iraupen laburreko harremanak direnik. Are gehiago, polimaitaleen esanetan, maite dugun pertsonari, beste pertsona batzuekin maitasuna partekatzeko aukera ematea, goreneko maitasun adierazpena da.
Polimaitasuna definitzea ez da erraza, ez baitu egitura konkretu bat jarraitzen. Bi maitale egonkor izan ditzakegu eta hauek aldi berean, beste harreman batzuk eduki edo ez. Hirukote bat izan gaitezke eta denok denon maitaleak izan, hauek beste harreman batzuk izan ditzakete edo ez. Arauak harreman bakoitzeko kideek adostuko dituzte.


Harreman irekiak eta polifideltasuna

Ohikoa izaten da polimaitasuna harreman irekiekin nahastea. Baina harreman ireki batek ez du zertan polimaitasunezkoa izan. Bikote ireki baten kideek, harremanetik at sexu topaketak izaten dituzte, baina ez dituzte beste harreman sentimentalak izaten haien bikoteaz gain.


Era berean, polimaitasunean oinarritutako harremanak irekiak edo itxiak izan daitezke, adostutako arauen arabera. Zenbaitetan, hirukote, laukote edo dena delako harreman nagusi bat dago eta kideen arteko fideltasuna adostu dute, hau da, ez dituzte harremanetik kanpo beste harremanik izaten, polifidelak dira. Bestetan, ez dago harremanarekiko esklusibitaterik eta kideek harreman nagusikoak ez diren beste pertsonekin lotura afektiboak sortzeko aukera dute. Edozein kasutan, fideltasuna bikote ohikoetan bezalaxe, gezur eta engainurik ez egotean datza.


Polimaitasuna praktikatzen dutenek diotenez, jeloskortasuna sentitu daiteke harreman mota hauetan, baina harreman monogamoetan ez bezala, beste pertsona batetaz maitemintzeak ez dakar harremana bertan behera uztea.
Beraz, polimaitasuna eta ohiko bikote harreman baten arteko ezberdintasun nagusia, kideen arteko adostutako arauak dira eta funtzionatu dezaten, ezinbestekoa da kideen behar eta desioak asetzen dituzten arauak modu zintzoan ezartzea.