Poison idea: Ideia pozointsua kresal artean

Poison idea: Ideia pozointsua kresal artean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/poison-idea-ideia-pozointsua-kresal-artean/@@download/image/32na.jpg
2003/07/04
erreportajea
Julen Azpitarte
Poison idea: Ideia pozointsua kresal artean
Poison Idea AEBetako punk-hardcore talde mitikoak uztailaren 12an joko du Bermeoko Aritzatxu jaialdian. Punk-hardcore talde onenetarikoa da Portland-goa. Adi, Bermeokoa Euskal Herrian eskaniko duten kontzertu bakarra izango da eta, doan gainera.

 Ideia Pozointsua 1980an sortu zen. Jerry A. kantariak, Pig Champion gitarra joleak -oso gizena denez, eserita jotzen du-, Dean Johnson bateriak eta Glen Estes baxu joleak osatzen dute Poison Idea. Lehendabiziko biak taldearen bizkarezurra dira, hasieratik jarraitzen duten taldekide bakarrak dira eta. Banda indartsu honek abiadura handiko hardcore gordina jorratzen zuen lehen urteetan, eta estreinako lana, "Pick your king" (1983), hardcore diskorik onena da, adituen arabera.

Punk-aren erregeak
1986an "Kings of Punk" izeneko lana grabatu zuten. Garai hartan, hard-rock erritmoak hardcore-arekin uztartzen hasi ziren. 1989an euren disketxe American Leather eratu eta 1990ean "Feel the Darkness" klasikoa grabatu zuten: Poison Idearen diskorik biribilena. 

Denbora luzez jo barik egon ondoren, taldea berregin dute eta urrian, diskoa karrikaratuko dute. Horrez gain, euren diskografiako beste sei lan berrargitaratuko dituzte. Poison Idearen rock gitarra pisutsuekin hornituriko hardcore boteretsua modaz pasatzen ez dela seinale.

Egitarau oparoa
Dena den, Poisoneko piztiak ez dira Bermeoko jaialdian ariko diren bakarrak. Tokyo Sex Destruction kataluniarren garage rock-a, Lobo Electrico tolosarren rock gordina eta Los Frenos bermeotarren punk rock-a ere entzun ahal izango dute gerturatutakoek. Horrez gain, 'Juxe' rock argazkilariaren erakusketa, musikari buruzko zine zikloa eta "Tzesne" ikuskizun multimedia izango ditugu. Egitarau oparoa. Joateko asmoa baduzu, ez ahaztu: kanpatzeko aukera izango da.

Diskografia



Pick your king (1983)
Record collectors are pretentious assholes (1984)
Kings of Punk (1986)
War all the time  (1987)
Filthkick EP (1988)
Getting the fear (1988)
Picture disc (1989)
Discontent  (1990)
Feel the darkness (1990)
Official bootleg (1991)
Live in Vienna (1991)
Punish me (1991)
Dutch courage (1991)
Blank Blackout Vacant (1992)
Pajama party (1992)
We must burn (1993)