Poesia, kantua, eta zinemagintza bilduko dituzte asteburuan Ean

Poesia, kantua, eta zinemagintza bilduko dituzte asteburuan Ean Ines Osinagak, Joseba Sarrionandiak, Oskar Alegriak eta Miren Agur Meabek hartuko dute parte jaialdian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/poesia-kantua-eta-zinemagintza-bilduko-dituzte-asteburuan-ean/@@download/image/miren-agur-meabe-knhC-U110697015616I5D-624x385@El Correo.jpg
2022/01/21

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta

Argazki nagusia: Maika Salguera (Miren Agur Meaberena)

Ines Osinagak, Joseba Sarrionandiak, Oskar Alegriak eta Miren Agur Meabek hartuko dute parte jaialdian.
Poesia, kantua, eta zinemagintza bilduko dituzte asteburuan Ean

Bizkaiko Ea herriko hainbat herritarrek osatzen duten eta kultura sustatzea helburu duen HEA kultur elkarteak Ea, H-a galdu zuen… erria jaialdia antolatu du astebururako. Jarduera guztiak Eskolondon izango dira. 

Egitarauko lehen ekintza Miren Agur Meaberen Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena hitzaldia izango da bihar, 12:00etan. Antolatzaileen arabera, "Miren Agur Meaberen poetikaren deskribapenaren ingurukoa izango da saioa. Virginia Woolfen obrari keinu eginez, sormenaren gela atontzeko bere modua azalduko du, hainbat urratsetan: gela bilatzetik hasi, eta kontratua, espazioaren banaketa, argiztapena, bentilazioa, altzariak, almazenajea, berokuntza eta osagarriak, estetika-irizpideak eta materialak barne".

Iluntzean, 19:00etan, Oskar Alegriak Ean grabatutako Aritzakoa film laburra eskainiko dute. Itsasargiak markatzen du filmaren erritmoa eta harekin batera memoriarena. Hiru argi kolpe labur eta iluntasunean lau segundu. 

Igandean, 12:00etan, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionaindiak berbak eta kantuak uztartuko dituzte Olatu arteko txalupa arraroa emanaldian. Duela hamar urte Habanan sortutako poemak eta Euskal Herrian kantu bihurtutakoak, orain elkarrekin eskainiko dituzte. Hala azaldu dute saioaren nondik norakoa: "Nola litzateke kontua letra eta kantua hurbiltzean? Zein da testu bakoitzaren atzean dagoen historia? Ikusten da porturik? Itsasoa da bide bakarra".