'Poesia Kaia' literatur ekimena Lezon

'Poesia Kaia' literatur ekimena Lezon Gaur iluntzean egingo dute lehen emanaldia Itxaro Borda idazlearekin eta Olivier Cavalie Kako musikariarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/poesia-kaia-literatur-ekimena-lezon/@@download/image/Pantaila-argazkia 2021-11-16 093016.png
2021/11/16

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gaur iluntzean egingo dute lehen emanaldia Itxaro Borda idazlearekin eta Olivier Cavalie Kako musikariarekin.
'Poesia Kaia' literatur ekimena Lezon

Poesia Kaia izeneko literatur zikloari gaur emango diote hasiera Lezon, Balea Zuria argitaletxeko kideen -Juan Ramon Makuso, Aritz Gorrotxategi, Peio Otxoteko eta Felipe Juaristi- ekimenez. 

Gaur egingo du lehen emanaldia, 19:30ean, Itxaro Borda idazleak Gezala Auditoriumean. Iaz Abaro bilduma kaleratu zuen Bordak, Balea Zuriak argitaletxearekin, eta bertan bada hemeretzi zatitako poema bat, Orbelen Intziriak. Lan honetako poemak honela definitu dituzte: "Bizitza puskak dira, bertan hatsa eta odola isurian nabaritzen dela". Olivier Cavalie Kako musikaria izango du bidelagun Bordak. Ez da lehen aldia bi artista hauek elkartzen direla, 2008an Ogella Line eta 2013an Guhaur arrotzak/A nous même étrangers ikuskizunekin ibili baitziren Akitanian eta Euskal Herrian zehar. Bi disko ere sortu dira esperientzia horietatik.

Hurrengo hitzordua hilaren 18an izango da, ostegunean, Aintzane Galardi eta Mireia Calafell poeten eskutik. Galardi oiartzuarrak hainbat poema liburu argitaratu ditu, tartean Mendafin usaineko iluntzeak  (Erein, 2015) eta Hegodun poemak (Denonartean, 2018). 2019an kaleratutako Lurra eta dardara. Zortzi ahots emakumezko antologia poetikoan ere parte hartu zuen. Mireia Calafell katalana, berriz, poeta, idazle eta kultur ekoizlea da. Bere poemetako batzuk Argentinan, Brasilen, Herbehereetan, Erresuma Batuan, Arabiar Emirerri Batuetan eta Espainiako Estatuan argitaratutako antologiak dira. 2018tik Barcelona Poesia jaialdiko zuzendarikidea da. 

Ramon Andres eta Juan Ramon Makusoren arteko elkarrizketa ere izango da saio honetan. Andres gaztetan musikari profesionala izan zen, eta 1974 eta 1983 artean Erdi Aroko eta Errenazimentuko errepertorioa interpretatu zuen Europan zehar. Historia liburuak argitaratu ditu eta baita pentsamendu musikalaren ingurukoak ere. Horretaz gain, poesia, aforismoak eta saiakerak ere idatzi ditu. Makuso errenteriar-lezoarrak ere hainbat lan ditu kaleratuak poesian, hala nola, Bizitzeak hil egiten du, Hiri gorazarre, Huntza hezur berritan, Hitzak argi eta Muga

Azkenik, azaroaren 20an, larunbatean, Jose Angel Fernandez eta Oihane Garmendia poetek eskainiko dute emanaldia. Hernandez salamancarrak hainbat poema liburu kaleratu ditu, eta Magisteritza eta Antropologia uztartu ditu. Zuberoa nafar idazlea, poeta eta filosofia-irakaslea da. 2020an Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria irabazi zuen euskarazko sailean Bidaia (h)ariketak izenburuko poesiarekin. Eurekin batera arituko dira Arrate Zubigarai organo-jotzailea eta Jon Makuso biolin-jotzailea.