Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak datorren astean izango dira Donostian
Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategik eman zioten hasiera Poesia eta Pentsamendua jardunaldiei 2008an eta, beraz, 16. edizioa izango da aurtengoa. Bi egunetako jardunaldiak antolatu dituzte: ekainaren 12an, Chillida Lekun eta ekainaren 13an, Victoria Eugenia Clubean.
Ekainaren 12an, Juan Kruz Igerabideren hitzaldia eta Aintzane Galardi eta José Fernández de la Sotaren errezitala egingo da, Beñat Olano eta Jon Makusok musikaz lagunduta. Emanaldia 18:00etan hasiko da Chillida Lekun eta sarrera doakoa izango da.
Ekainaren 13an, berriz, musikaz lagundutako poesia errezitala izango da, Victoria Eugenia Clubean, 19:00etatik aurrera. Julen Apella, Nerea Arrien, Lierni Azkargorta, Martin Etxeberria, Juan Ramon Madariaga eta Mario Obrero arituko dira errezitatzen eta Jon Makuso musikaz janzten.
Gonbidapenak gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira Donostia Kulturako webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, 11:30etik aurrera.
