Podcasten inguruko 'Parentesi Festibala' izango da Donostian martxoaren 2tik 4ra
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamenduak podcasting-ari buruzko Parentesi Festibalaren lehen edizioa antolatu du. "Podcast plataformak ugaritu egin dira, pandemiaren ondoren bereziki, eta askotariko edukietara sartzeko modu berri gisa kokatu dira. Horrela, kultura zabaltzeko ekosistema berria sortu dute", azaldu dute antolatzaileek.
Lau mahai-inguru egingo dituzte jaialdian. Martxoaren 2an, Retomando el sonido de la cultura de divulgación izeneko mahai-ingurua izango da, Ana Garriga eta Carmen Urbita (Hijas de Felipe), Clara Tiscar i Castells (True Crime) eta Nuria Perezekin, Ylenia Benito kazetariak moderatuta.
Ostiralean, martxoak 3, euskal podcasten munduko zenbait profesionalek hartuko dute parte: Ainhoa Vitoria (Yoko Ona), Cristina Tapia (Harresi ikusezina),eta Iñigo Antsorregi (Korapiloak). Ines Azpiazu izango dute solasaldian gidari. Zuzeneko emanaldia ere eskainiko da Kursaalen egun horretan bertan.

Larunbatean, martxoak 4, Jorge Carrion (Ecos), Ines Hernand eta Nerea Perez (Saldremos mejores) eta Oier Aranzabal (Ulu Media) elkartuko dituzte podcastaren orainaldiaz eta etorkizunaz aritzeko. Maddalen Marzolek moderatuko du mahai-ingurua. Arratsaldean, 19:00etan, Frank T (No hay negros en el Tibet),eta Beatriz Serrano eta Guillermo Alonso (Arsenico Caviar) izango dira jaialdian, gaurkotasuneko gaiak genero perspektibarekin lantzearen inguruan solas egiteko. Leire Palacios kazetariak gidatuko du saioa.
Parentesi Festobalak playlista du Spotifyn eta edizioa amaitu arte irekita egongo da. Bertan, aurten parte hartuko duten podcasten atal batzuk bildu dituzte.

