Sei ikuskizun izango dira Plentziako kaleko arte eszenikoen jaialdian

Artekale kaleko arte eszenikoen jaialdia egingo da gaur eta bihar Plentzian eta guztira sei ikuskizun izango dira bertan. Jaialdiaren lehen emanaldia Cia Barsanti konpainiaren Akabo! kale ikuskizuna izango da, 19:00etan, Azurtegiondo plazan. Suizidioaren inguruko ikuskizuna da. "Suizidioa da, zoramenarekin batera, gizartean eta norbanako gisa dagoen tabu handienetako bat. Zoramena eta suizidioa, hala ere, ez daude hertsiki lotuta, nahiz eta sarritan hori sinestarazten saiatzen diren", azaldu dute.
Artistek hasiera emango diote ikuskizunari eta, hasi eta gutxira, antzezlana egiten ari diren lekuaren inguruan, auzokide bat altuera batera igoko da eta bere buruaz beste egingo duela adieraziko du. Azpian bilduta dagoen jendetza ikustean, hainbat gatazka konpondu beharko ditu: Kenduko al dira salto egin dezan? Kentzen ez badira, euren gainetik egingo ote du salto? Zer egingo dute ikusleek egoera hain deseroso horren aurrean? Zergatik erabakitzen du norbaitek halakorik egitea? Ba al dugu gure bizitza eteteko askatasunik?
Gaurko beste emanaldia, berriz, Kataluniako Javier Arizaren Carman izango da. Showman bat eta Seat 600 autoa dira komedia honetako protagonistak. Emanaldia 20:30ean izango da, Astilleron.
Biharko lau ikuskizunak hauek izango dira: Ertza konpainiaren Meeting Point, Zo-Zongoren Euskorleans, Cris-isen Home eta Lekittoko Deabruak eta Zo-Zongoren Mingorri.
Egitarauaren xehetasunak hemen bildu dituzte.