Plaza huts, festa huts

Plaza huts, festa huts https://www.gaztezulo.eus/albisteak/plaza-huts-festa-huts/@@download/image/64p20-1.jpg
2006/06/02
erreportajea
Unai Brea
Euskal Herrian talde mordoxka bat ibiltzen da hara-hona, erromeriak alaitzen. Horietako bat da Irats talde nafarra. Bertako trikitilariak, Amaia Irastorzak, lan horren berri eman digu. Zeregin neketsua inondik ere, ohiko lanbidearekin uztartu behar denean batik-bat. Baina gustuko bidean aldaparik ez, gorputzak besterik esan bitartean, behintzat.

Amaia Irastorzak 28 urte ditu, eta horietatik hogei eman ditu trikitia jotzen. Bizitza osoa, beraz. Orain, Irats taldean dabil, erromeriaz erromeria. "Aspaldiko ametsa genuen taldea sortzea, eta duela sei urte egin genuen". Irastorzari umetatik datorkio zaletasuna: "Haurra nintzenean Tapiak eta Leturiak jotzen zuten. Herrira etortzen zirenean" —Irastorza Berakoa da— "ni eszenatoki ondoan egoten nintzen, inbidiak jota, haiei begira adi-adi". Hura zuen gozamena garai hartako Amaia Irastorzak. Oraingoak, Tapia eta Leturiari txanda hartuta, kilometroak egiten ditu Euskal Herrian barrena.

"Gu ez gara honetaz bizi, dirua jaso arren. Ni, esaterako, erizaina naiz"
. Inoiz egokitu izan zaio, erromeria batetik itzuli eta segituan, lorik egin gabe, lanera joan behar izatea. "Batez ere urrun jotzen dugunean gerta daiteke hala; Bizkaian sarritan jotzen dugu, eta handik bueltako bidea luzea da guretzat". Izan ere, Iratsek hiru ordu eta erdiko emanaldiak eskaintzen ditu, baina taldeko kideen lanak askoz gehiago irauten du, aurretik zein ondoren: muntatzea, desmuntatzea… "Hala gabiltzan bitartean, inguruko jendea parrandan dabil, plaza huts batean egotea tokatzen ez zaigunean behintzat; baina ez dugu horren inbidiarik, gu gustura gabiltza jotzen. Hori bai, gusturago egoten gara jende asko bada".

Betirako ez behintzat

Ikusle gehien Barañainen izan zuten, behinola. 3.000 lagun inguru, Irastorzaren berbetan. "Soinu-ekipamendua oso ona zen, eta ikusten genuen, gugandik urrunen zeudenak ere, gure musikari jarraituz ari zirela dantzan, txosna artean. Sekulako gozamena izan zen; ezin da hitzez azaldu. Dohainik ere bueltatuko ginateke". Batzutan, ordea, plaza hutsaren aurrean jo behar izaten dute, edo lau mozkorrentzat. "Proba saio baten modura hartzen dugu horrelakoetan, eta ahalik eta lasterren amaitzeko gogoz aritzen gara".

Taldeko kideek beste lanbide batzuk dauzkatenez gero, Irats ez da udan ia egunero jotzen duen talde horietakoa. Asteburuetan-eta, gehienbat. Hala ere, lan handia izaten dute, eta nekea sumatu egiten da. "Ez dakit noiz arte jarraituko dudan honela", dio Irastorzak, "baina argi daukat ez dudala 40 urterekin nire burua hala ikusten. Gorputzak ezin dio erritmo honi eutsi hainbeste denboran". Tira, ahal den bitartean, behintzat, eutsi oraingo martxari!